'Egunkaria auzia'

Harrera beroa egin diote Iñaki Uriari

Txalo zaparrada handiarekin hartu du jendeak Iñaki Uri a'Egunkaria'ko kontseilari ordezkari espetxetik atera berria Martin Ugalde Kultur Parkera iritsi denean. Parkera heldu denean lehendabizi, eta zertxobait beranduago berriro, Martxelo Otamendi 'Berria'-ko zuzendariarekin eta Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiarekin oholtzara igo denean. 'Egunkaria' "nahi zutelako eta ahal zutelako" itxi zutela azpimarratu du Uriak oholtza gainetik.

2004ko abuztuaren 4a
20:25
Entzun
Lehenik eta behin, bildutako agintari, lankide eta lagunei eskerrak eman dizkie Uriak; ongietorri ekitaldian zeudelako, batetik, eta bera aske gera dadin egin duten ahaleginagatik, bestetik. Kartzelatik irten denetik jendeak zein komunikabideek egin dioten harrera ona azpimarratu du, eta eskertzeaz gain, elkartasun adierazpen horiek halako egoeretan beharrezkoak direla adierazi du.

'Egunkaria'-ren itxierari buruz aritu da gero. Hain justu, 'Egunkaria' ixteko arrazoi bakarrra euskararen garapenerako eta Euskal Herriaren herri garapenerako zuen garrantzia dela nabarmendu du, eta epaileek jarri dituzten bestelako argudioak aitzakiak direla. "'Egunkaria' itxi zuten nahi zutelako eta ahal zutelako. Ezin dutelako gure ahalegina, euskararen aldekoa, herri erakundeak osatzearen aldekoa, burujabetzaren aldekoa eraman", azaldu du. Halaber, beste helburua Euskal Herriaren garapen horretan lagun dezaketen proiektuen inguruan beldurra sortzea dela agertu du.

Horren guztiaren aurrean, egoera hori gainditzeko urratsak egin behar direla azpimarratu du Uriak. Espetxean direnak eta Iñaki Uriarte 'Egunkaria'-ko kazetari zena ere gogoan izan ditu.

Jende ezagun asko

Uriaren aurretik, Martxelo Otamendi 'Berria'-ko zuzendariak eta Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiak hartu dute hitza. Uriaren euskal prentsaren garapenean egindako lana nabarmendu du Otamendik. "Eragile askok lagundu zuten euskarazko prentsa modernizatzen, eta Iñaki izan zen horietako bat. Horregatik atxilotu zuten eta eduki dute, kupidarik gabe, ia hemezortzi hilabetez kartzelan. Zeruko Argia, Argia, Susa, Euskaldunon Egunkaria eta HITZA proiektuak ez ziren izango direna Iñakiren lanik gabe", esan du.

Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiak, berriz, 'Egunkaria'-ren itxieraren inguruan une latzak bizi izan diren arren, gizarteak elkartzeko eta aurrera egiteko gaitasuna erakutsi duela azpimarratu du, eta irakaspen hori gogoan hartu behar dela. Uriari, berriz, berriro ere euskalgintzari lotuta lanean has dadila eskatu dio.

HItzaldiez gain, Jon Maia 'Egunkaria'-ko kazetari ohi, 'Berria'-ko kazetari eta Euskal Herriko Aurresku txapeldunak agurra dantzatu dio Uriari, eta Iñaki Petxarroman 'Egunkaria'-ko kazetari ohi, 'Berria'-ko kazetari eta bertsolariak bertso bidez egin dio ongietorria.

Agintariek —Anjeles Iztueta Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, Sabin Intxaurraga Ingurumenekoak, Gorka Knörr Eusko Legebiltzarreko Mahaiko lehendakariordeak, Joxe Juan Gonzalez Txabarri Gipuzkoako diputatu nagusiak, Koldo Ordozgoiti Kultura sailekoak, Jokin Azkue HABEko zuzendari nagusiak zein Maite Etxaniz Zarauzko alkatea—, politikariek —besteak beste, Arnaldo Otegi Batasuneko mahaikideak, eta Juan Martin Elexpuru Aralarrekoak—, sindikatuetakoek —Rafa Diez LABeko diazkari nagusiak, kasu—,eta gizarte mugimenduetako ordezkariek —Elkarri-ko Maixux Rekaldek, esaterako—, parte hartu dute ongietorrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.