"Gure eskubideak urratu dira, eta zabarkeriaz tratatu gaituzte". Mugimendu feministako hainbat emakumek egin dute salaketa, gaur, Donostian. Gipuzkoako Foru Aldundiaren ardurapeko Bidean harrera zentroan tratu bidegabea jasan duten hainbat andreren izenean mintzatu dira; indarkeria matxista jasan duten emakumeak artatzeko zentro bat da, eta, salatu dutenez, 2014-2018 urteen artean desegoki funtzionatu du hainbatetan. Hango zenbait langilek emakumeei emandako tratua, esaterako, "bidegabea" izan dela salatu dute. Esate baterako, zenbait emakumek langileen "esaldi laidogarriak eta iraingarriak" jasan behar izan dituztela azaldu dute. Zentroaren egoera bera oso txarra dela ere erantsi dute: "Hango egoera osasungaitza da, eta utzikeria erabatekoa da". Emakumeen eta haien seme-alaben elilkadura ere ez dela aintzat hartu adierazi dute: elikagai "eskasia" izan dute, eta "iraungitako" janariak ere eman dizkiete.
Egoera txar horien ondorioz, hainbat andrazkok bizi berri bat hasteko bidean aurrera egin beharrean, "atzera" egin dutela salatu dute, eta berriro "konektatu" dutela askok tratu txarrekin: "Kasu honetan, instituzioek emandako tratu txarrekin". Gertaera horien guztien berri ematen duten hainbat testigantza bildu dituzte, eta Arartekoan aurkeztu dituzte. Zentroa Gipuzkoako Foru Aldundiarena da, baina enpresa batek kudeatzen du. Salaketa egitearekin batera, hainbat eskari ere egin dituzte: ekindako kaltea erreparatzea, zentro hori berehala ixtea, langileen taldea berregituratzea eta aldundiak halako egoitzen gaineko ikuskatzea bermatzea, besteak beste.