Segurtasun neurrien eta mendekuen aroa amaitu eta hitz egiteko garaia dela nabarmendu dute Arnagako Adierazpena babestu duten nazioarteko eragileek, eta ohartarazi ez dela unea garaipena baten edo bestearen jabetza ote den eztabaidatzeko, adiskidetzea lantzeko baizik, nahiz eta jakin horrek luze joko duela.
Euskaraz irakurri dute lehenik idatzia. Irati Agorriaga 21 urteko gazte gernikarrak egin du hori. Anaiz Funosas Bake Bideko kideak iragarri du erabakiaren berri, eta gogorarazi Gernikan ere gatazkak, beste gatazka batek, ondorio lazgarriak eragin zituela.
Agorriagaren ostean hartu du hitza Camdessusek, eta hark gogora ekarri du Aieten elkarrizketen garrantzia nabarmendu zutela, baina halakorik ez dela izan. "Aieten 2011n esan bezala, bakea eraikitzeak aktore nagusien arteko elkarrizketak eskatzen ditu", berretsi du Nazioarteko Diru Funtseko lehendakari izandakoak, eta urrats hori egitera deitu ditu Espainia eta Frantziako gobernuak. "Bakerako bidea ataka ertsi batetik igarotzen da, baina badu adiskidetzearen argia".
Aurrez Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kide Brian Currinek ere zentzu berean hitz egin du, nabarmenduz Espainiarekiko harremanak eten zirenean eta ETAk urratsak egin nahi zituela jakinik sortu zela nazioarteko taldea. "Ez dut ezagutzen beste bake prozesurik sustraietatik hasi denik. Hemen gobernuak esan zuen bake prozesuan ez zuela parte hartuko, eta jendeak bere kabuz erabaki zuen aurrera egitea".
Irabazlerik ez
"Alderdi bakar batek nahiko balu arrakasta edo garaipen osoa lortu, horrek eramango luke bake erabatekoa ez lortzera. Bakea ez da zenbaki kontu bat, konpromiso kontu bat baizik", adierazi dute eragileek, eta nabarmendu prozesu honetan garailerik bada Euskal Herriko herria izan dela, eurek bultzatu dutelako ETA desagertzera.
Ordea, gatazka ez dela amaitu ere esan dute, eta presoak eta biktimak ekarri dituzte gogora. "Familiak eta komunitateak zatituta daude. Indar berri batzuk egin beharko dira biktimak aitortu eta laguntzeko. Zintzotasunez aritu beharko dugu alde guztietatik iraganari begira, beso zabaltasunez aritu beharko dugu. Segurtasun nahiz kartzela neurriekin soilik erantzutea ez da egokia". Ildo horretan, presoak gerturatzeko urratsak egiteko eskatu die Sinn Feineko buru Gerry Adamsek: "Ni ere preso izan nintzen, eta berdin beteko nuen zigorra toki batean edo bestean. Baina familiak behar du senideak gertu izatea. Haserrea ez da politika bat, eta mendekua ez da aukera bat".
Dena den, gobernuek egin beharreko mugimenduak ere zailak izango direla ohartarazi du Bertie Ahernek, Irlandako prozesua gogoan: "Gaur zorionak eman nahi dizkizuet 2011tik lortutakoagatik, eta ETA ere zoriondu nahi dut, gatazkaren amaierara iristeagatik, barkamena eskatzeagatik, eta biktimak onartzeagatik. Bakea eraikitzea zaila da; Irlandan badakigu hori".
Aro berri bat
Indarkeriarik gabeko aro berriari begira jarri da Cuauthemoc Cardenas Mexikoko presidentegai izandakoa: "Ikusiko dugu ETAn parte hartu dutenek hemendik aurrera beste erakunde batzuetan parte hartuko dutela edo parte hartzeko modu indibiduala garatuko dutela Euskal Herriaren batasunaren helburuari ekiteko".
Ekitaldian egoterik izan ez duen arren, adierazpena babestu du NBEko idazkari nagusi izandako Kofi Annanek ere: "Gatazkak ez dira sekula armen indarren bidez konpontzen, eta adierazpen horrek erakusten du elkarrizketa politikoa funtsezkoa dela bake iraunkor bat eraikitzeko".