2004ko lehentasuna debatea izango dela nabarmendu du EB-IUko koordinatzaile nagusiak; bizikidetzaren inguruan dauden proposamenen inguruko eztabaida aurrera eramatea. "Hasi berri den urtea giltzarria izango da debate hori aurrera eramateko, bai instituzioetan, bai kalean", esan du.
Madrazoren iduriko, PP, PSE-EE eta ezker abertzalea Jaurlaritzaren eta Eusko Legebiltzarraren jarduna blokeatu nahian dabiltza, baina, hala ere, ez du uste EAEko hauteskundeak aurreratuko direnik. "Erabaki hori lehendakariari dagokio, baina Gobernuan kide ditugun beste alderdietan Gobernuaren jardunarekin normaltasunez segitzeko borondate argia sumatzen dut", azaldu du EB-IUko koordinatzaile eta Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako sailburuak. Ildo horretatik, Jaurlaritzak bere jardunarekin aurrera segitzea oso garrantzitsua dela azpimarratu du, "aurrerapen programa bururaino eramateko".
Madrazok esan duenez, egun bi 'hiruko' daude euskal politikangintzan: batetik, Eusko Jaurlaritzako Hiruko Gobernua osatzen duten alderdiak (EAJ, EA eta EB-IU), eta, bestetik, PP, PSE-EE eta ezker abertzalea. Oposizioko 'hiruko' horrek kosta ala kosta Jaurlaritzaren jarduna oztopatu nahi duela agertu du, eta alderdi horietako bakoitzak arrazoi diferenteak dituela horrela jokatzeko. Hala, PP eta PSE-EE Eusko Legebiltzarrerako azken hauteskundeetako emaitzak onartu ezinean dabiltzala iritzi dio Madrazok, eta horregatik ekiten diotela hain gogor Jaurlaritzaren aurka.
Ezker abertzalearen jokabidearen arrazoia, berriz, "mendeku politikoa" dela esan du EB-IUko koordinatzaileak: "indarkeria gaitzetsi ezean Batasunarekin hitzarmenik ez egiteko konpromisoari eutsi diolako Hiruko Gobernuak". Ildo horretatik, Madrazok esan du Jaurlaritzarentzat erraza zela joan den ostiralean SA Sozialista Abertzaleak taldearen "garrantzia txikiko" zuzenketa batzuk onartu eta 2004ko aurrekontuak aurrera ateratzea, baina, hala ere, nahiago izan zutela "giza eskubideen aldeko konpromisoari eutsi" eta haiekin ez negoziatzea.
Politika
Hasi berri dena "eztabaidaren urtea" izango dela uste du Javier Madrazok
EB-IUk hasi berri den urterako dituen asmo politikoen berri eman du gaur Javier Madrazo alderdi horretako koordinatzaile nagusiak. Hain zuzen ere, 2004a "bizikidetzaren inguruko eztabaidaren urtea" izango dela iragarri du Madrazok. Halaber, ez duela uste EAEko hauteskundeak aurreratuko direnik esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu