Lekunberrin (Nafarroa) 2010eko urtarrilaren 16an hil zuten Asier Lavandera gaztearen inguruko epaiketa gaur hasi da Iruñean, Nafarroako auzitegian. Fiskalak esan du akusatua jakinaren gainean zegoela egin zuenaz, eta harrezkero ez zaiola damutu. Fiskalak harentzat hamalau urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra eskatuko du; Lavanderaren sendiak, berriz, 25 urteko zigorra eskatuko du. Hilaren 25era arte iraungo du epaiketak.
Mao Mao Beach dantzalekuaren kanpoko aldean hil zuten Lavandera, 21 urte zituela. Hilketarekin zerikusia zutelakoan, lau gazte atxilotu zituzten, eta epaileak horietako bat espetxeratzeko agindua eman zuen. Geroago, Lavanderaren familiak jakinarazi zuen gazte horrek lehendik kartzelan behar zuela, aurretik egindako bi delituren ondorioz.
Asier Lavanderaren gurasoak “justizia” espero dutela esanez sartu dira gaur justizia auzitegi nagusira. Defentsak esan du auzipetuak ez zuela Lavandera “ankerkeriaz” hil.
Aita ustezko hiltzaileari "zigor handiena" ezartzearen alde agertu zen larunbatean. "Gizartearentzat ona izango da zigorra ahalik eta gehien luzatzea, irteten denean, beste familia bat hondatuko baitu", adierazi zion Manuel Lavanderak Efe berri agentziari.
Asier Lavanderaren aitak onartu zuen familiak "urduritasunez" bizi duela epaiketaren unea, guztia berriro gogoratzeak "min" egingo dielako. Hala ere, itxaropentsu daude epaileek har dezaketen erabakiarekin.