Festak

Hasi da Bilboko Aste Nagusia

Arratsaldeko zazpiak pasatxo zirela, Marta Gerrikabeitia txupinerak txupina jaurtitzearekin batera hasi da Bilboko Aste Nagusia. Aurretik Marivi Bilbao aktoreak egin du pregoia Arriagako balkoitik, milaka lagunen aurrean. Hilaren 27 arte zentzumen guztiak gozatzeko moduko egitaraua dago prestatuta.

2006ko abuztuaren 19a
19:05
Entzun
IRATI URBERUAGA

Bilbo

Egitarau ezin beteagoa du Aste Nagusiak. Hainbat gune egokitu dira musika, antzerki eta bestelako emanaldiei lekua egiteko. Goizean hasi eta gauera arte, ziurrenik gustu guztiak asetuko dituen programazioa osatu dute jai batzordeak eta konpartsek. Hona hemen Bilbo osoan zehar banatuta dauden gune garrantzitsuenak:

Areatza

Txosnagunea izango da. Konpartsen txosnetara hurbildu nahi dutenen topalekua. Jokoak, musika, bazkariak, poteoak, aldarrikapenak... izango dute bertan tokia. Besteak beste, Kaskagorri konpartsak kaskaterraza antolatu du goizero hamaiketan, abuztuaren 20tik 27ra. Bestalde, egunero dantzaldiak egongo dira: lehenengo saioa 23:00etan eta bigarrena 02:00etan. Giroa alaitzeaz Joselu anaiak eta Egan arduratuko dira, besteak beste.

Bilborock

Orain arte Unamuno plazan egon izan dira bertako musika taldeak. Aurten Bilborockera pasatu dituzte. Kontzertu guztiak 20:00etan hasiko dira. Beste batzuen artean, Muted eta The Sinclairs (rock´n´soul/metala) ariko dira hilaren 23an, eta 26an Hoon eta Ainara Legardon (rock-folka).

La Merced ikastetxea

Aurten lehenengoz, La Merced ikastetxera joan beharko da umore antzerkiaz gozatzeko. Egunero, 21:00etan izango dira emanaldiak eta gaur, 23an, 24an, 25ean, 26an eta 27an 00:00etan bigarren bat eskainiko dute. Han izango dira Teatre de Guerrilla Somos lo que somos lanarekin abuztuaren 19an, Ez dok hiru bikoteatroa Larru haizetara --rekin abuztuaren 24an, eta Mag Lari Estrellas de la magia obrarekin abuztuaren 26an.

Erripako kaia

Sei urte artekoentzat Haurtxokoa, 6tik 12ra artekoentzat Txikigunea eta 16ra artekoentzat Gaztegunea egongo dira. Zirku tailerra, ohe elastikoak, keinu hizkuntza tailerra, multiabentura parkea, gargantua... Ondo baino hobeto pasatzeko aukera paregabea dute txikiek.

Plaza berria

Hainbat musika estilo entzun nahi dituztenentzat, gauero, 00:00etan izango da hitzordua. Esaterako, gaur La Negra (munduko musikak) egongo da, bihar flamenkoa Palo Flamenco taldearekin, eta asteazkenean jazzaz gozatzeko aukera egongo da De Diego Brothers-ekin. Arratsaldeetan, 19:00etan eta 20:00etan dantza taldeak ikusteko aukera egongo da.

Uribitarte

Musikarentzako beste leku bat da Uribitarte. Macaco, 100% Kriptonita, Septeto Santiaguero, Carlos jean, Diana Navarro, Andrej Olejnizack quartet-Jazz B.O.S., Zea Mays, Doctor Deseo, Marlango eta Sergio Dalma ariko dira. Kontzertuak gauero izango dira, 23:30etik aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.