Igandera bitarte informatikazaleen bilgune izango da Barakaldoko (Bizkaia) BEC erakustazoka. Segundoko 20 gigako konexioa izango dute eskura Euskal Encounter topaketan, eta Interneten nabigatzeaz gain, beste hainbat jardueratan parte hartu ahal izango dute. Aurten, 22 ekintza prestatu dituzte. Opengunean, esaterako, produktu teknologikoak dituzten saltokiak, hitzaldiak, tailerrak eta erakusketak egongo dira.
Topaketari hasiera emateko ekitaldian, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika, eta Kultura sailburuak nabarmendu du Euskal Encounterrek gaitasuna duela "dibertitzera, ikastera, lan egitera eta ezagutzak partekatzera" doazen pertsonak biltzeko.
Ildo beretik mintzatu da Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatua. Haren arabera, "ezagutzak elkarbanatzeko eta negozio ideiak garatzeko aukera ematen du" topaketak.