Hasi da ezohiko ikasturtea Nafarroan

Sei urtetik gorakoek maskara jantzita, eta eskolak goizez soilik direla hasi dute gaur ikasturtea milaka haur eta nerabek. 47 milioi euroko inbertsioa aurreikusi du gobernuak, koronabirusak sortutako egoerara egokitzeko. Besteak beste, 666 irakasle gehiago kontratatu dituzte.

Haur bat, Iruñeko eskola batean, ikasturtea hasteko prest. JESUS DIGES / EFE
Maider Galardi
2020ko irailaren 4a
11:57
Entzun

Ez besarkadarik, ezta gurasoen azken bultzadarik eskola aurrean. Maskara jantzita eta ahalik eta modurik antolatuenean egin dute eskolako sartzea milaka haurrek gaur goizean, Nafarroan. Koronabirusaren ondorioz, martxo erdialdean eten ziren aurrez-aurreko saioak, eta, sei hilabeteren ostean, itzulera ez da arrunta izan. Sei urtetik gorako haurrek maskara jantzi behar dute derrigor —txikiagoek gelan ez, baina gune amankomunetan jantzita eraman behar dute—, baita irakasleek ere. Distantziak errespetatzea, zuzeneko kontakturik ez edukitzea... Ez da erronka txikia, baina hezkuntza zentroak jarri dira martxan, eta Nafarroako Gobernuak heziketaguneekin osatutako protokoloa abian da. Horretarako, 47 milioi euroko inbertsioa aurreikusi du gobernuak.

Nafarroako Gobernuak aurreratu zuen hainbat baliabide emango zituela, egoera errazago kudeatu ahal izateko. Besteak beste, 666 irakasle, jantokietarako 200 bat langile gehiago eta garbitzaileen errefortzuak iragarri zituen joan den astean. Gainera, lau egoera epidemiologiko diferenteren araberako planak ere osatu dituzte, eta jakinarazi dute ausazko PCR probak egingo dituztela datorren astean, egoera nolakoa den ikusi ahal izateko. Uxue Rey BERRIAko kazetaria Leitzan izan da, ikasturte hasierako bilera batean.

Ikasturteari ekiteko, neurri zehatzak ere proposatu dituzte: Haur Hezkuntzako taldeetako jende kopurua gutxitu dute —hogei haur soilik elkartu ahal izango dira—, baina ez dituzte beste ratioak aldatu. Gainera, irailean egin moduan, urte osoan eskola jarraituak ematea hobetsi dute. Eskolak ixtekotan, baliabide teknologiko gehiago emango dituela iragarri zuen Maria Txibiteren gobernuak: 9.000 ordenagailu, mila kamera eta 500 tablet.

Kurtso hasierako protestak

Halere, hezkuntza komunitatean ezinegona sortu du ikasturte hasierak, eta, herenegun, protesta egin zuten hezkuntzako langileek "segurtasun bermeen" alde. LAB, Steilas, Afapna, ANPE, CCOO, ELA, UGT, SEPNA eta CSIF sindikatuetako kideek, hezkuntza komunitateko beste hainbat eragilerekin batera, salatu zuten "ziurgabetasun" egoera batean daudela, eta ikasturterako babes neurriak eskatu zizkioten Nafarroako Gobernuari: "Ikasturte osorako itzulera itundu, seguru eta presentziala" eskatu dute han.

Hain justu, Burlatako Askatasuna institutuko irakasleek prentsaurrekoa egin dute gaur, Hezkuntza Departamentuari adierazteko egun dauden baldintzak ez direla egokiak lan pedagogikoa egiteko, ezta osasunerako ere. Besteak beste, salatu dute Nafarroako Gobernuak ez diela aukerarik eman "ispilu gelak" osatzeko. Hau da, ez dutela baliabiderik eskolako gelak bitan zatitzeko eta kutsadura komunitarioak saihesteko.

Gainera, LAB sindikatuak salatu du jantokietako langileen kontratazioa ez dela oraindik egin, eta deitoratu du Nafarroako Gobernuak ez duela sustatu haurrak jantokietan gelditu ahal izatea —hortaz, baldintza okerragoetan eta murrizketen esperoan dira langileak, sindikatuaren ustez—: "Hezkuntza Departamentuak, zerbitzu hori bermatu eta jantokiak sustatu beharrean, ikastetxearen eta hezkuntza proiektuaren parte direla kontuan hartuta, haiek ezabatu nahi ditu". Jantokietako matrikulazioak %40 egin du behera LABen esanetan, eta hori lanaldi jarraituari dagokiola nabarmendu dute sindikatuko kideek. Nafarroako Gobernuari eskatu diote "enplegua suntsitzeko neurri horiek" atzera botatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.