Bereziak izango dira aurtengo sanferminak. Hainbat urtetako debekuaren ostean, aurten ikurrina jarri dute udaletxeko balkoian, Europako, Espainiako, Nafarroako eta Iruñeko banderen aldamenean. Dena den, Joseba Asiron alkateak nabarmendu duen indarrean dagoen legedia errespetatuko duela, "gustuko izan edo ez". "Nire ustez, bandera bakar bat ere ez dago sobera. Alderantziz, bat falta zen. Aldaketaren seinale da ikurrina udaletxeko balkoian egotea", esan du Asironek.
Plazan, berriz, ikurrina ez ezik, presoen aldeko pankartak ere ikusi ahal izan dira. Historikoak, inondik inora, aurtengo sanferminak.
Aldarrikapenak plazan. Kanpotik etorri direnek ere babesa adierazi diete euskal presoei #SFK15@berriapic.twitter.com/Sc7j43po6T
— Jone Amonarriz (@JoneAmonarriz) julio 6, 2015
Herritarrak izan dira protagonista jaien hasierako txupinazoan ere. Izan ere, herri jaiak bultzatze aldera, La Veleta peñako ordezkari batek eta Iruñeko Orfeoiko beste batek bota dute suziria.
"Pamplonesas, pamploneses, iruñarrok, ¡Viva San Fermin!, ¡Gora San Fermin!", oihu egin dute biek batera suziria botatzearekin batera. Urduri baina gustura egokitu zaien rolarekin La Veletako Honorio Artetaren biloba Chantal Estrada eta Iruñeko Orfeoiko kide Javier Aranegi. "Aurretik entsegatu dugu, eta nahiko ondo joan da", esan du Aranegik.
Azken 150 urteotan Orfeoitik igaro diren guztiei eskaini die txupinazoa Aranegik, baina baita bere lagun eta senideei ere. Estradak, berriz, aitona eta harekin gerra zibilean borrokatu ziren guztiak izan diu gogoan. Biekin batera txupinazoaren zuzeneko lekuko izan da La Veletako kide Jesus Aristu ere.
Jaietara gerturatuko direnen artean izango dira lanera joandakoak ere, tartean mundu osotik gerturatutako kazetariak. Orotara, 20 herrialdetako 139 komunikabide arituko dira lanean sanferminetan. Herrialde horien artean dira, besteak beste, Estatu Batuak, Erresuma Batua, Pakistan eta Mexiko.
Nahi adina aukera
Gaur hasi eta bederatzi egunez jendez gainezka egongo da Nafarroako hiriburua, eta guztientzat izango da zeregina. Gaur bertan, esaterako, gaita jotzaileak arituko dira Gazteluko plazan, eta, txupinazoaren ostean, kalejira egingo dute Alde Zaharreko kaleetan. Horretaz gain, azken egunean, Udaletxe plazan egiten den ekitaldia "parte hartzaileagoa" egiten ahaleginduko direla iragarri dute, bai eta ezustekoren bat edo beste izango dela ere.
Denetara, 459 ekitaldi biltzen ditu egitarauak, eta haien artean %71 musika eskaintza izanen dira. Haurrek ere izanen dute nola gozatu, haientzako 81 ekitaldi prestatu baititu Iruñeko Udalak.