Hasi da 17. Korrika. 17:30ean, Trebiñun (Araba). Etxaferuarekin eta "Gu ere, euskararen alde" oihuekin eman diote hasiera, eta hamar egunetan euskararen aldeko lasterketak 2.507 kilometro egingo ditu, hilaren 17an (igandea) Donostiara iritsi eta bertan amaitzeko. Ibai Maruri BERRIAko kazetariak hamar egunen zuzeneko kontakizuna egingo du Berriketan.info sare sozialean, eta hor jaso ditu Edurne Brouarden adiearzpenok: "Gero eta jende gehiagok du hasierara etortzeko joera".
17:00etan egin dute gaurko hasiera ekitaldia; besteak beste, Asier Amondo AEK-ko Arabako Artezkaritza kideak eta Edurne Brouard 17. Korrikako arduradunak hartu dute parte. Dantza, bertso eta txalaparta doinuen artean hasi da Korrika, Argantzunerako bidean, eta Gutxisolo elkarteak egin du lehen kilometroa —aurtengo Korrikaren hasiera eskatu eta hori antolatzeaz nagusiki arduratu den elkartea da—.
Aurten Korrika ez da Arabako zenbait kuadrillatatik igaroko, eta leku horietan euskararen alde lan egiten duten pertsonei omenaldi txiki bat egiteko baliatu dituzte AEK-ko arduradunek hasierako kilometro batzuk. Gasteiztik sei autobus atera dira Trebiñura, eta Argantzunen 19:00etan hasita izango diren kontzertuetara ere bilduko da jendea.
Gaurko egitaraua
- 17:00. Korrikaren hasierako ekitaldia egin dute, Trebiñuko plazan. Manex Agirre Arabako Bertsolari Txapelketako txapeldunak eta Argantzungo abesbatzak parte hartu dute. Dantzari eta txalapartariak ere izango dira.
- 17:30. Trebiñuko plazatik atera, eta Argantzunerako bidea hartu du Korrikak.
- 19:00. Aske, Herrikada, Gose eta Betagarri taldeek kontzertua ematekoak dira Argantzungo frontoian.