HONDAKINAK

Hasi dira eramaten Gipuzkoako hondakinak Kantabriara eta Bizkaikoak Jatara

Oraingoz, hiru hilabeterako akordioa adostu dute Kantabriako Gobernuak eta Gipuzkoako Diputazioak, baina epe horretan erabaki beharko dute hitzarmena hurrengo lau urteetara luzatu edo ez. Bizkaiko Foru Aldundiak aldi baterako lekuz aldatuko du hiri hondakinen bilketa, Artigasen aktibo zegoen ontzia bete egin baita. 2014ko urtarriletik jarduerarik gabe egon da Jatako zabortegia.

Lapatxeko zabortegia, berriki hartutako irudi batean. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS
2016ko otsailaren 8a
12:32
Entzun

Artigaseko zabortegiaren bigarren faseko lanak amaitu bitartean, zaborrak Jatako hondakindegira eramango dituela jakinarazi du Bizkaiko Foru Aldundiak. Bederatzi hilabeterako egingo du aldaketa, gutxienez, denbora hori aurreikusi baitu aldundiak Artigasen eraikiko duten bigarren ontzia egiteko. Egun, Artigasen martxan dagoen ontzia edukieraren mugara iritsi da, eta horregatik egingo du aldaketa. 2014ko urtarriletik geldirik dago Jatako zabortegia.

Bizkaiko Diputazioak jakinarazi duenez, kamioen zirkulazioa bi txandatara mugatuko dute: goizera eta arratsaldera. Zabortegi inguruko bizilagunei ahalik eta trabarik gutxiena egitea da aldundiaren asmoa. Astelehenetik ostiralera eta larunbat goizetan ibiliko dira kamioiak Maruri-Jatabe eta Lemoizko udalerrietan barrena.

Artigasen eraikiko duten ontzi berriak isurketak egiteko bi gune izango ditu, eta horrekin osatuko dute "zabortegiaren eskuineko ibarra betetzeko lehen fasea". Lanen aurrekontua 4,8 milioi eurokoa da, eta lehen ontziaren iragazgaizte eta dreinatze lanak eta gasa ateratzeko instalazioak egingo dituzte.

Gipuzkoakoak Kantabriara

Eva Díaz Kantabriako Ingurumen kontseilariaren esanetan, "solidaritate akordio bat" da bi erakundeek lortu dutena, "Gipuzkoako hondakinak kalean pilatu ez daitezen" egon daitekeen alternatibarik "bideragarriena eta egingarriena".

Tonelada bakoitzeko 94,93 euro gehi BEZ ordainduko dizkio aldundiak Merueloko zabortegia kudeatzen duen Mare enpresa publikoari. Diru horrekin, enpresak pilatu dituen lau milioi euroren zorren zati bat kitatu nahi du Marek.

Gipuzkoako Foru Aldundia eta Kantabriako Gobernua akordio batera iristen badira, parlamentuak alderdien babesa bilatuko du, baina erabakia ez da bete beharrekoa izango. Beraz, azken erabakia Kantabriako Gobernuarena izango da. Dagoeneko, baina, PPk aurreratu du hitzarmena "arduragabea" dela. Ignacio Diego Kantabriako PPren buruak ohartarazi du, Meruelon Gipuzkoako hondakinak jasotzeak "orain Kantabrian jasotzen den kopurua laukoztea" esan nahi duela, eta erabakiaren aurka agertu da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.