Gaur hasi dira HABEren euskara azterketak egiten BECen (Barakaldo, Bizkaia). Gaur, 500 ikaslek baino gutxiagok egingo dituzte azterketak, 80 pertsonara iristen ez diren sei taldetan banatuta, 15.000 metro karratuko pabiloi batean.
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Miren Dobaranek azaldu duenez, gaur goizean C1 mailako deialdi irekiaren txanda izan da. «Oso gustura» dagoela esan du, ikasleak «oso ondo» sartu direlako. «Distantziak oso ondo errespetatu dituzte, tenperatura hartuta eta maskarak jarrita etorri dira, eta eskuak garbitu dituzte sartu aurretik».
Proba antolatu dutelako «asebeteta» dagoela ziurtatu du Dobaranek. Izan ere, haren hitzetan, azterketak egiteko eskaera «oso handia» zen duela aste batzuetatik, udazkenean lan eskaintza publikoa egingo delako.
Ekainaren 19ra arte egingo dituzte azterketak, eta 12.161 ikaslek parte hartzea espero dute.