Hasi dituzte gazte kristauen topaketen harira antolatutako ekitaldiak

Benedikto XVI.ak Madrilera egingo duen bisita dela eta, atzerritik milaka gazte helduko dira Euskal Herrira

Erredakzioa
2011ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Mundu osoko milaka gazte etorriko dira Euskal Herrira Benedikto XVI.a aita santuak Madrilera egingo duen bisitaren harira hemengo elizbarrutiek antolatutako jardunaldi espiritualetan parte hartzera. Jardunaldiak hilaren 11tik 15era bitarte egingo dituzte, eta, ondoren, gazteetako batzuk Madrilera joango dira, aita santuaren etorrera ekitaldietan parte hartzera. Iruñeko eta Tuterako Artzapezpikutzako buruek adierazi dute «oso pozik» daudela gazteek beren ekitaldi espiritualeiemandako erantzunarekin.

Benedikto XVI.a aita santua abuztuaren 18an iritsiko da Madrilera, baina Munduko Gazte Katolikoen Topaketak abuztuaren 16tik 21era bitarte iraungo du Espainiako hiriburuan. Topaketak Joan Paulo II.a aita santuak sortu zituen, eta Benedikto XVI.ak «maiztasun jakinik gabe» antolatzen ditu.

Euskal Herrian hainbat bilgune eta ekitaldi antolatu dituzte bisitaren aurretik. Batetik, Azpeitiko Loiolako Santutegian (Gipuzkoa) 50 herrialdetako 3.000 gazte bilduko dira. Ostiralean hasi ziren jesuitek antolatutako egitarauaren lehen ekitaldiak, eta astelehenera bitarte gazteak pixkanaka iritsiko dira. Ondoren, parte hartzaileak Espainia eta Portugalgo hainbat lekutara eramango dituzte erlijio ekintzetan parte hartzera; eta, azkenik, hilaren 15ean Madrilera joango dira. Donostiako elizbarrutiak ere 6.000 gazte inguru etortzea espero du.

Bilboko elizbarrutiak, berriz, 800 gazte ingururi egingo die harrera datozen egunetan, Madrilgo jardunaldietara bidean. Hainbat ekitalditan parte hartzeko aukera izango dute bertan, eta elizbarrutiaren historia eta kultura ezagutuko dituzte. Bilboko jardunaldiek 100.000 euro inguruko kostua izango dute; horien erdia baino gehiago boluntarioek eman dute.

Nafarroan ere antzeko programak antolatu dituzte. Munduko hainbat tokitatik etorritako 3.500 gaztek harrera familietan egingo dute egonaldia. Horietatik 1.500 inguru Madrilera joango dira ondoren, aita santuaren bisitara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.