Hasiera ekitaldiko ohorezko zinta Martin Ugalde Kultur Parkeak jaso du

Zinta mozketarekin hasi zen Kilometroak; BERRIA.INFOk zuzenean eman zuen ekitaldia. Guneetako bat Martin Ugalde Kultur Parkean izan zenez —bosgarrena—, parkera atera eta BERRIA.INFOk egunak emandakoaren berri jaso zuen.  [Ustream]http://www.ustream.tv/recorded/25977147[/Ustream]  

2012ko urriaren 7a
13:25
Entzun

Goizean goiz azken ukituak emanda prestatu zen Andoain atzoko Kilometroetarako. Lainoak izan baziren ere, egunean zehar ostarteekin tartekatu ziren eta ez zuen euririk egin. 25 graduren bueltan izan zen tenperatura. 

Milaka lagun bildu ziren Andoainen Gipuzkoako ikastolen aldeko festan. Hasiera ekitaldia 09:30ean izan zen, ikastolan bertan, eta zinta mozketarekin abiatu zuten jaia. BERRIA.INFOk zuzenean eman zuen. Eguerdian ere, Bastero kulturgunean egin zen omenaldia zuzenean eskaini zuen BERRIAk.

Finlandiatik talde bat, jaia ezagutzera

Euskalzaleei ongi-etorria egiteaz gain, Finlandiatik jaia ezagutzera etorri den talde bat ere txaloz hartu zituzten Ikastolan bildutakoek. Ezpata-dantzariak izan ziren ekitaldiko lehen protagonistak. Ekitaldian egon ziren Isabel Zelaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Ane Karrere Andoaingo alkatea, beste batzuen artean.

Karrerek bere mintzaldian nabarmendu zuen euskararen industriak Andoainen duen garrantzia, eta aipamen berezia egin zion Martin Ugalde Kultur Parkeari. Hauteskunde kanpainan Andoainera hurbildu diren hautagaiei esan zien garai larriak izanda ere hezkuntzan murrizketarik ez egiteko.

Zelaa, hezkuntzaren erreformaren aurka

Isabel Zelaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak hartu zuen ondoren hitza. Horrek Espainiako Gobernuak Hezkuntzan egin duen erreformaren kontra egin zuen. "Onartezinak dira proposamenaren mamia, eta horrekin batera, Euskadiren hezkuntza eskumenak mozteko asmoa, gure autogobenua mozteko asmoa".

Zelaak azpimarratu zuen ikasleek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dituzten emaitzak. Esan zuen, gainera, euskal hezkuntzak erro sendoak dituela. "Kontraerreforma" horri aurre egin behar zaiola esan zuen Zelaak. Aita Larramendiren aipamen bat jasoz amaitu zuen hitzaldia.

Garitano: "Euskarak lehentasuna behar du"

Martin Garitanok zorionak eman zizkien Aita Larramendiko ikasle, irakasle eta arduradunei. Aldundiak euskalduntzearekin konpromiso sendoa duela esan zuen, eta belaunaldi berriek ere konpromiso hori erakutsi dutela. Euskarak normalizazioa behar duela azpimarratu zuen eta asko aurreratu den arren, euskaldunak ez direla ase gaineratu zuen.

Gipuzkoa lurralde euskalduna dela baina gero eta euskaldunagoa behar duela gaineratu zuen. "Iaz konpromisoa hartu genuen, lehentasunak jartzeko, eta betetzen ari gara. Euskaraz bizitzeko eskubidea lehentasuna da, eta horretarako bat egin behar dugu, mehatxuen gainetik".

Ohorezko zatia, Martin Ugalde Kultur Parkearentzat

Lehengo eta oraingo ikasleen izenean ikasle ohi batek eta egungo ikasle batek moztu zuten zinta hitzaldien ondoren, eta ohorezko zatia Martin Ugalde Kultur Parkeko arduradunei eman zieten: Joxe Mari Sors eta Joanmari Larrarte. On egin! deiarekin hasi zen ondoren 2012ko Kilometroak jaia.

Guneetako bat Martin Ugalde Kultur Parkean izan zenez, bosgarrena, parkera atera eta BERRIA.INFOk egunak emandakoaren berri jaso zuen. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.