Domekarako kezka handi bat izan dute aste osoan: eguraldia. "Hainbeste hilabetez lanean ibili ostean, amorrua ematen du prestatu dugun guztia ezin eskainiak. Euria egiten badu, ekitaldi asko bertan behera utzi beharko ditugu". Euskalmeten arabera, badirudi ateri eusteko aukera handia dagoela. Eta eskertuko du Koldo Agirregomezkortak. AEK-ko kide eta 19. Korrikako amaiera jaiaren koordinatzailea da. Aitortu du azken egunak gogorrak izan direla, behar askokoak. Bilerak, telefono deiak, batekin geratu, bestearengana joan...
Eten barik ibili da. Lehen aldia du halako zereginetan. Tarte bat egin du Bizkaiko Hitza-ri asteon eta hilotan zertan ibili diren kontatzeko. "Kanpotik dirudien baino zailagoa da tamaina honetako ekitaldi bat antolatzea. Hamaika kontu lotu behar dira, eta azken ordukoak ez dira gutxi". Adibidez, egunotan ibili dira azken kilometroak telebistaz zuzenean eskaini ahal izateko behar diren baliabideak bermatzen. Besteak beste, argindarra hartzeko lekua lortu behar izan dute. Baina etziko dena prest izango dutela ziurtatu du. 19. Korrika dagokion moduan iritsiko da helmugara. Bilbo erdigunean hasiak dira azpiegitura guztia muntatzen.
Urrian izan zituzten lehen hartu-emanak udalagaz. Lehen baimenak orduan eskatu zituzten, eta bukaerarako zer nahi zuten pentsatzen hasi ziren. Azken urteetan, Korrikaren bukaera txandakatu egiten da Iruñe, Gasteiz, Donostia, Baiona eta Bilbo artean. Hala, bi urtean behingo lasterketa hamar urtean behin bukatuko da Bilbon. 2005ean bezala, aurten. "Hiriburuko zein lekutan bukatzea nahi genuen erabaki behar genuen aurrena. Hasieran, Arriaga antzokian pentsatu genuen, baina ez ziguten baimenik eman. Esan zigutenez, arautegiaren arabera, Marijaiak eta Olentzerok baino ez dute balkoira irteteko baimena". Hala, duela hamar urte egin legez, Areatzako San Nikolas elizaren atarian ipiniko duten agertokian izango du Korrikak helmuga. "Segurtasunagatik eta bilduko den jendetzarentzat leku nahikoa izateko, guneak ere bertan inguruan kokatzea erabaki genuen. Eta Bilboko Udalak ere aproposena hori zela esan zigun".
San Nikolas, Arriaga plaza eta Areatzako pasealekua: elkarren ondoan egongo dira guneetatik hiru. Itsasadarraren bestaldean atonduko dute umeena. Eta Bilbo Zaharreko plazan ere kontzertuak antolatu dituzte, auzoko eragileekaz elkarlanean. "Badu sinbolismo bat; Areatzatik gertu dago, eta aprobetxatu egin behar genuela pentsatu genuen".
Hiriburuaren arabera eskaintza aldatu egiten dela dio. "Lekuaren ezaugarriak eta biltzea espero dugun jende kopuruak badute eraginik. Ez da gauza bera Donostian bildu ziren 80.000 lagunentzako egitaraua prestatzea edo Baionako 40.000 lagunentzat. Bilbon hortik gora ibiliko garela uste dugu". Tokiari eta garaiari egokitutako eskaintza prestatzen dute. "Duela hamar urteko Bilbok ez dauka zer ikusirik gaur egungoarekin, eta orduko gizartea eta gaurkoa ere ezberdinak dira. Horregatik, eskaintza prestatzerakoan hutsetik hasi behar da. Ezin dugu aurrekoetatik abiatu". Gustu eta adin guztietarako ekintzak prestatu dituzte. Areatzan gazteentzako kontzertuak egongo dira; Xutik, Eskean Kristo, Betagarri eta Ze Esatek taldeak igaroko dira oholtzatik. Euskal produktuak dastatzeko aukera ere eskainiko dute; besteak beste, oilasko labelduna. San Nikolas aurreko agertokia publiko zabalagoari eskainita egongo da: Korrikaren abestia egin duen taldea, Kherau, Anje Duhalde eta Izerdi Gorria taldearen erromeria izango dira. Erripa kaian, umeentzako puzgarri eta tailerrekaz batera, karaokea, magia ikuskizuna eta antzerkia eskainiko dituzte. Eta Arriaga plazan folklorearen txokoa atonduko dute, erraldoi eta dantzariekaz.
Areatzako pasealekuan egongo dira txosnak. Aste Nagusi txiki baten modukoa izango dela dio. Zaintza lanak egiteko, txosnako txandak osatzeko eta bestelako zereginetarako 300 lagun inguru behar dituzte. "Korrika Bizkaian bukatzen bada, herrialdeak erantzun behar dio azken egunari ere. Beraz, bizkaitarrak ibiliko dira beharrean". Dena den, guztiak ez dira izango AEK-koak eta Korrikako batzordeetakoak. Bilboko eragileekaz hartu-eman zuzena izan du. Kultura elkarteekaz, Bilboko beste euskaltegiekaz eta enparauekaz elkartu da. Eta baita Bilboko Konpartsekaz ere. 90 konpartsakidek eman dute izena domekarako. Ordua ipinita dago: 07:30 aurretxoan sartuko da Korrika Bilbora, Enekuritik. Auzo guztiak zeharkatuta, 12:00etan iritsiko da Areatzara. Eta, hortik aurrera, festa: hilabeteetan egindako lanaren fruitua.