Hassana libre. Asilo politikoa orain lelopean egingo dute mobilizazioa. Hassana Aalia ekintzaile sahararrari (Aaiun, Mendebaldeko Sahara, 1988) bizi osorako kartzela zigorra jarri zion Marokoko auzitegi militar batek, bera Euskal Herrian zela. Babes eskaera egin zuen, baina Espainiako Barne Ministerioak ukatu egin dio. Kanporatzeko arriskuan da, beraz, eta horrek atxilotzea, tortura eta bizi osorako kartzela ekar dezakeela salatu zuen gazteak berak joan den ostegunean.
Besteak beste, Euskadi-Sahara koordinakundea, EH Bildu, EAJ, LAB, ELA, Steilas, Komite Internazionalistak, Askapena, Euskadiko Gazteriaren Kontseilua, CEAR, Ahaztuak, DISABI Saharako diaspora eta Euskadi-Sahara elkartea daude deitzaileen artean.
Hamaika eragile #HassannaLibre lemadun manifestaziora deitzeko agerraldian. Bilbon izango da, U31,17etan Arriagatik. pic.twitter.com/aMLPR7Fge6
— Alternatiba (@alternatiba) January 27, 2015
Mobilizazio gehiago
Larunbatekoaz gain, beste mobilizazio batzuk ere izango dira aste barruan. Gaur, elkarretaratzea Hernanin: 20:00etan Gudarien plazan. Bihar, Tolosan: 19:00etan Triangulo plazan. Ostegunean, Iruñean: 20:00etan udaletxe plazan; Laudion: 19:00etan Lamuza plazan; Zarautzen: 19:30ean Lege Zaharren enparantzan.
Besteak beste, Eusko Legebiltzarrak eta Nafarroako Parlamentuak ere eskatu diote Espainiari Aaliaren babes eskubidea bermatzeko. Udal batzuek ere agertu diote atxikimendua gazte sahararrari —Donostiakoak, adibidez, EH Bilduren, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin—, eta sinadura bilketa bat ere jarri dute martxan Interneten.