Gipuzkoako Foru Aldundian izan da gaur Hassanna Aalia ekintzaile eta iheslari sahararra. Babesa azaldu dio Martin Garitano ahaldun nagusiak, eta hari babes politikoa emateko lan egingo dutela esan du: "Kudeaketa guztiak egingo ditugu beste erakundeen aurrean". Harekin izan da, besteak beste, Gizarte Gaietarako diputatu Ander Rodriguez ere.
Aaliari bizi osorako zigorra ezartzeak "inolako zentzurik" ez duela adierazi du Garitanok: "Erabat injustua da, giza eskubide guztien aurkakoa". Marokoren jarreraz gain, Espainiako agintarien "konplizitatea" ere salatu du. Espainiak babes politikoa ukatu zion ekintzaile sahararrari urtarrilean. Aaliak azaldu duenez, oraindik ez dute estradizio agindurik eman bere aurka, eta "nazioarteko erantzunaren" zain dago orain. Helegitea jarria dauka Auzitegi Nazionalean.
PPk uko egin dio erabakia aztertzeari
Atzo, Espainiako Kongresuan aztertu zuten gaia. Legez besteko proposamena egin zuten, besteak beste, Izquierda Plural eta Amaiur taldeek, babes politikoa ukatzeko erabakia berriz azter dezan gobernuak. Alde agertu zen oposizio guztia, baina PPk aurkako botoa eman zuen, eta ez zen aurrera atera proposamena. Conrado Escobar PPko bozeramaileak azaldu zuen "lege gehiegikeria" litzatekeela hori onartzea.
Erabaki hori salatu du gaur Aaliak: "PPren gobernuak babesa azaldu dio Marokoren okupazioari".
"Marokok torturatzen eta erasotzen segitzen du"
Batzar Nagusietako Giza Eskubideen batzordera joan da segidan gazte sahararra, batzarkideei bere egoeraren berri ematera —PPko ordezkaririk ez da egon—. Gogora ekarri du protesta baketsuetan —Gdeim Izekeko kanpamenduan— parte hartzeagatik jarri ziotela bizi osoko zigorra, eta gainera, bi aldiz epaitu zutela kasu beragatik. Marokoren menpeko Saharako tratu txar eta hilketa kasuak ere azaldu ditu: "Nazioarteko ordezkariek ez gaituzte babesten, eta Marokok torturatzen eta erasotzen segitzen du".