Gizartea

Hassanna Aaliari errefuxiatu izaera aitortu dio Espainiako Auzitegi Nazionalak

Herenegun jaso zuten epaia. Auzitegi Nazionalak zuzenbidearen aurkakotzat jo du Hassannari Rabateko auzitegi militarrak egin zion epaiketa, defentsa eskubidea urratu ziotelako. Horregatik, bidegabe jo du Espainiako Barne Ministerioak iaz errefuxiatu estatusa ukatu izana. Gobenuak 30 egun ditu helegitea aurkezteko.

Ibai Maruri Bilbao.
2016ko urriaren 5a
13:02
Entzun

Pozik agertu da Hassanna Aalia errefuxiatu sahararra prentsaurrean: "Etengabeko borrokan ibili gara bost urtean eta azkenean lortu dugu". Eskerrak eman dizkie familiari, CEAR Euskadiri eta babesa agertu dioten eragile sozial, sindikal eta politikoei. "Denon lorpena da; guztiok irabazi dugu borroka". Dena den, penatuta agertu da errefuxiatu estatusa lortzeko epaitegietara jo behar izan duelako. Era berean, harekin epaitu zituzten ekintzaile sahararrak izan ditu gogoan: "Auzitegi Nazionalak aitortu du gure epaiketa bidegabea izan zela, zuzenbidearen kontrakoa".

Javier Canivell abokatuak azaldu du Espainiako Gobernuak 30 eguneko epea daukala helegitea aurkezteko. Dena den, itxaropena dute halakorik ez gertatzeko. Bide batez Espainiak errefuxiatuekin duen jarrera salatzeko aprobetxatu dute agerraldia; baita Europako Batasunak Turkiarekin duen akordioa gaitzesteko. "Errefuxiatuek seguru iristeko eskubidea dute, itsasoan hil gabe eta hesirik gainditu beharrik gabe". Asilo politika "zentzuduna eta solidarioa" eskatu du Canivellek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.