POLITIKA

"Hau ez da gure bakea"

Espainiako errege-erreginak Donostian izan dira, 'Bake-itunak 1516-2016' erakusketa inauguratzen; protesta egin dute kanpoan dozenaka lagunek, monarkiaren aurka. Bideoa: Espainiako errege-erreginen aurkako protesta (Andoni Canallada / Argazki Press). [youtube]https://youtu.be/kQeF5LGVbUM[/youtube]

Hodei Iruretagoiena
2016ko ekainaren 18a
12:41
Entzun

Bi ongietorri izan dituzte Espainiako errege-erreginek Donostian, Bake-itunak 1516-2016 erakusketan: San Telmo museoaren barruan bat, eta kanpoan bestea. Erakundeetako ordezkariena izan da lehenengoa, monarkiaren aurkako protestan parte hartu duten herritarrena bigarrena. Barruan, besteak beste, Donostiako alkate Eneko Goiak, Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente Eider Mendozak, Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeriak, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk, Espainiako Hezkuntza eta Kultura ministro Iñigo Mendez de Vigok, Espainiako Gobernuaren ordezkari Carlos Urkijok eta Donostia 2016 egitasmoko zuzendari Pablo Berastegik egin diete harrera Espainiako errege-erreginei. Kanpoan, oihuka hartu dituzte: «Hau ez da gure bakea», «Hau gerra ituna da»...

Goizean goizetik, Ertzaintzak hartuak zeuzkan Zuloaga plazako inguruak. Salamanka pasealekuan, esaterako, ezin zen aparkatu. Plazarako sarrera guztietan jarri dira poliziak, eta barrura sartzen zen oro miatzen aritu dira. 11:00etarako zegoen iragarria protesta, eta, jendea hurbildu ahala, hesi baten atzean jarri dituzte denak. Ondoan izan dituzte etengabe istiluen aurkako ertzainak. Urkullu, Goia eta Urkijo izan dira aurrenetakoak iristen, Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olano azkenetakoa. Era guztietako oihuak entzun dituzte: «Kulturaren kapitala, kapitalaren kultura», «Zuen kultura, gure tortura», «Monarkia kanpora», «EAJ, espainiarren morroi», «Ustelak lurpera», «Erregea erraustu», «Goia, erregearen morroia»... Espainiako errepublikaren eta Euskal Herriaren independentziaren aldeko garrasiak ere egin dituzte, baita euskal presoak etxeratzearen aldekoak ere.

Guardia Zibila eta militarrak

Aurreikusia zegoen gisan, 11:30 alderako iritsi dira Espainiako errege-erreginak, auto ofizialean, beste dozena erdi bat ibilgailuk zainduta. Tartean ziren, ertzainekin batera, guardia zibilak ere. Espainiako armadaren ordezkariak ere sartu dira beranduxeago. 200 bat lagun izango ziren ordurako kanpoan elkartutakoak, eta oihuka hartu dituzte: «Alde hemendik, utzi bakean». Felipe VI.a erregeak eta Letizia erreginak besoak altxatuz agurtu dituzte, plazara begira. Ikusmira koloretsua zuten aurrean: Espainiako bandera errepublikanoak, ikurrinak, Nafarroako banderak, amnistiaren eta presoak etxeratzearen aldekoak, Herrialde Katalanetako esteladaren bat...

Bilkuran izan dira, besteak beste, EH Bilduko Ainhoa Beola eta Jon Albizu batzarkideak, eta Elkarrekin Ahal Dugu koalizioko hautagai Isabel Salud eta Ezker Anitzako Antton Karrera. «Estatu batean estatuburuak herritarrek hautatua izan behar du, eta inork ez du hautatu orain daukagun erregea. Hori ez da benetako demokrazia», salatu du Karrerak.

11:00etatik 14:00ak arte izan da elkarretaratzea; euri pixka bat ere egin arren, Zuloaga plazan segitu dute protestariek Espainiako errege-erreginek alde egin arte. Turistaren bat ere batu zaie jakin-minez. Haserrea adierazi arren, ez dute umorerik galdu. Altza Pelipe eta Ameriketara joan nintzan ere abestu dituzte: «Txin-txin, txin-txin, diruaren hotsa...».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.