Espainiako Kongresuan, Justizia Ministerioaren ildo nagusiak azaldu ditu Rafael Catala Espainiako Justizia ministroak, karguan Alberto Ruiz Gallardon ordezkatu ondoren. Sabino Cuadrak, zabor poltsa beltz bat erakutsiz, ohartarazi dio Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak horrelakoak erabiltzen dituztela atxilotuak torturatzeko.
[Youtube]http://youtu.be/99o1VoeNupQ[/Youtube]
Cuadrak galdetu dio ea noiz erabiliko diren poltsa horiek "zaborra botatzeko, eta ez inor torturatzeko". Horrez gain, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Oihan Ataunen eta Beatriz Etxebarriaren tortura kasuez emandako ebazpenak eman dizkio Cuadrak Catalari. Amaiurreko diputatuaren esanetan, ebazpen horiek adierazten dute Espainiako epaitegiek ez dutela ezer egin tortura ikertzeko, eta oroitarazi dio Nazio Batuen Erakundeak sarri auzitan jarri duela inkomunikazio aldia.