Ustez lapurtutako beste ume baten hilobia zabaldu dute gaur goizean Galdakaon, eta haur baten hezurrak aurkitu dituzte. Orain, auzi medikuek aztertu egingo dituzte hezurrak, bahitutako haur harenak diren ala ez jakin ahal izateko.
Familiak parte sartu ostean agindu zuen epaileak Galdakaoko hilobia zabaltzeko. Sendiak eskatu du ez duela nahi kontuari publizitatea ematea, eta goizean Ertzaintzak neurri batzuk jarri ditu hedabideek lanetako argazkiak-eta ez ateratzeko.
SOS Haur Lapurtuen Elkarteak dio egun auziko kasu asko artxibatzen ari direla eta, ondorioz, ona dela Galdakaokoa ahal den gehien ikertzea.
Azkeneko asteetan Itsasondon, Derion eta Donostiako Polloen zabaldu dituzte hilobiak.