Iruñeko Mendebaldea eta Lezkairu auzoetan bi haur eskola irekiko dituzte laster, eta horietan euskarazko murgiltzea ezar dezatela galdegin dute gaur auzo horietako hainbat bizilagunek eta Haur Eskolak Euskaraz plataformak. 380 instantzia aurkeztu dituzte Nafarroako Hezkuntza Departamentuan, eta horietan galdegin dute eremu horietako 0 eta 3 urte arteko umeei egiten dieten «bazterketa» eteteko. Manifestazio baterako deia ere egin dute: hilaren 16an eginen dute protesta, Haur eskoletan hezi, bizi eta lan euskaraz lelopean. Iruñeko udaletxetik abiatuko dute mobilizazioa, 17:30ean, eta Nafarroako Parlamentuan bukatuko da. Udalari eta Nafarroako Gobernuari eginen diete eskaria, hala: «[Carlos] Gimeno jauna, PSN eta bera babesten dituzten indar politikoak dira haur eskolen banaketan azken hitza dutenak», adierazi du Haur Eskolak plataformak ohar baten bidez. Taldearen ustez, hain zuzen, Hezkuntza Departamentuak eskumena dauka Iruñeko Udalak sustatzen dituen planak aldatzeko eta bere haur eskoletan «euskara gehiago eta murgiltzean» eskaintzeko.
Plataformak salatu duenez, Iruñeko haur eskolen eredu linguistikoen banaketa geografikoak argi uzten du euskarak pairatzen duen zokoratzea: «Hego mendebaldeko —Mendebaldea-Ermitagaña, Etxabakoitz, Iturrama eta Donibaneko auzoak— eta hego ekialdeko —Arrosadia, Lezkairu, Zabalgunea, Mendillorri eta Erripagainako auzoak— biztanleek ez dute euskarazko murgiltzearen eskaintzarik». Horren arrazoia zein den galdegin dute: «Inork justifika dezake barruti berean gaztelaniazko lau murgiltze eredu izatea eta bakar bat ere ez euskaraz?». Barruti bakoitzean «murgiltze eredu bat behintzat» eskatu dute.
Plataformak oroitu duenez, gainera, euskarazko murgiltze eredu bakarra dago Iruñeko hamasei haur eskolen artean: «Euskarazko eskaintza zonifikatua eta urria da, eta eredu mistoetan eskainita dago gehienbat, non murgiltze erreala ez den ematen». Deitoratu dute eskola horietan «gaztelania gailentzen» dela «nabarmen», eta, euskararen transmisioa, berriz, «oztopatu» egiten dela. Eredu horren sustatzaileak kritikatu dituzte: «Eskaintza eskaria defendatzen dute eskaintzarik gabe, euskara profileko hezitzaile kopurua murriztu nahi dute gero hori euskarazko plazak handitzeko ezinezko aitzakiatzat erabiltzeko, euskal adarrerako hizkuntza eta normalkuntza proiekturik ez dute garatu, arkitektonikoki ez dituzte haur eskolen behar linguistikoak aztertu, ez da linguistika eta pedagogia eztabaidarik egon...». Salatu dute «desastre» bat dela, eta, gainera, «bizikidetza, inklusio eta berdintasun eredu bezala» saltzen dutela.