Haur Etxeak izeneko egitasmoa hedatzeko pausoa eman du Eusko Jaurlaritzak. Zaintzaileek beren etxeetan gehienez sei urtera arteko lau ume zaintzean datza. Egitasmoa garatzeko, 296.000 euro gorde ditu Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak 2012ko aurrekontuetan, 2011ko partidan baino %186 gehiago. Datorren urtean 18 Haur Etxe berri irekitzeko asmoa agertu du Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak Araban eta Gipuzkoan, denera martxan 23 izateko.
Udan abiarazi zuen Eusko Jaurlaritzak Haur Etxeak ekimena, bi helbururekin: lanpostuak sortzea eta familia eta lana bateragarri egiteko zerbitzu gehiago eskaintzea. Horretarako Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuan dauden pertsonak aukeratu eta prestakuntza eskaini diete. Dagoeneko Bilbon hiru Haur Etxe martxan daude, beste bat Areetan (Getxo, Bizkaia) eta aurki beste bat irekiko dute inguru horretan. Bost egitasmo horiek —datorren urtean hasiko direnak bezala— zaintza eredu hori aztertu eta ondorioak ateratzeko saio bat direla gogorarazi du Zabaletak.
Egitasmo horiek garatzeko bete beharreko baldintzen berri eman du Zabaletak Eusko Legebiltzarreko Gizarte Politika, Lan eta Berdintasun Batzordean. Zaintzaileek 250 orduko prestakuntza prozesua gainditu behar dutela jakinarazi du Zabaletak, eta bertan parte hartzeko eskola graduatu titulua eskatu arren, aukeratutako pertsonek ikasketa gehiago dituztela azaldu du.
Haur eskoletan lekuak libre
Haur Etxeak egitasmoa, egun dauden beste zerbitzu batzuk aintzat hartuta, ez dela ondo ulertzen uste du Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideak, Haurreskolak Partzuergoaren zerbitzuarekin kasu. Egun haur eskolen sare horretan 7.300 leku baino gehiago eskaintzen direla gogorarazi du, eta 2.300 baino gehiago bete gabe daudela. Horrez gain, haur eskola horiek familiekiko gertutasuna «nahiko» bermatzen dutela esan du. Hortaz, Haur Etxeak abian jartzeko zioak argitzeko eskatu dio Zabaletari.
Haur Etxeen egitasmoan lau ekimenetik 23ra pasatu nahi du Jaurlaritzak
Umeak zaintzailearen etxean zaintzea du xede; ekimenerako, 296.000 euro bideratuko dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu