Eskola hastean D eredua aukeratzen dutenak gero eta gehiago dirabertze ereduei konparatuz. Nafarroako Gobernuak plazaratu dituen kopuruetan, euskarazko ereduak puntu batez behera egin badu ere, haur hezkuntzan azken urteetako gorakadak segitzen du.
Azken urteetan ereduek izan dituzten gorabeherak ikusi ahal izateko, mailaren araberako ehunekoak begiratzea besterik ez dago. Aurten batxilergoan D ereduan ikasiko dutenak %24 izanen dira, DBHn %23, Lehen Hezkuntzan %26, eta Haur Hezkuntzan %28. Datu horiek erakusten dute urteak pasatu ahala eskolan izen ematen dutenen arabera, gero eta ikasle gehiagok aukeratzen dutela euskarazko eredua. A ereduak, euskara eta gaztelania nahasten dituen ereduak, antzeko bilakaera izan du. G ereduan, aldiz, kontrakoa ikus daiteke. Aurten, Batxilergoan, G ereduan ikasiko dutenak %70 izanen dira, baina Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan % 65, Lehen Hezkuntzan %47, eta Haur Hezkuntzan %42. Ehuneko horiek erakusten dutenez, gaztelaniazko eredua gero eta arrakasta gutxiago du eskolan hasten direnen artean.
Hasi berri den ikasturteari dagokionez, 20.083 gazte ariko dira D ereduan; hau da, ikasleen %23,6. G ereduan 50.686 izanen dira, %56, 1; eta A ereduan 16.966, %18,8. Gutxi bada ere, aurten 1.325 gaztek ikasiko dute martxan jarri berri den ingelesezko british ereduan. Guztira, 90.403 dira Nafarroako ikastetxeetan ariko diren gazteak, iaz baino 1.424 gehiago.
Aurtengo datuak iazkoekin konparatzen badira, ikasle kopuruaren arabera, D eredua 1,2 puntuz jaitsi da, eta G eredua 2,7 puntuz igo. Baina kontuan hartu behar da, alde batetik, kopuruetan G eredua azkarki emendatu dela, dirudienez, emigrazioarengatik, eta bertzetik, datu horiek Lanbide Heziketa kontuan hartzen dutela, esate baterako, D ereduko eskaintza oso murritza duen maila.
2008. URTEA BAINO LEHEN ZUZENDARIRIK EZ. Ikasturte berriko matrikulazio datuak emateaz gain, Carlos Perez-Nievas Hezkuntza kontseilariak jakinarazi duenez, ez dute Nafarroako Euskararen Institutuko zuzendaritzarik izendatuko heldu den urte arte. Berantetsi dela onartu du, eta egokiak iruditzen zitzaizkien pertsonek ez dute kargua hartu nahi izan, beraz, nahi duten soslaieko pertsona bilatzen segitzen dute: «Kultur eragilea izatea nahi genuke, baina oraingoz arlo horretatik ezetzak besterik ez ditugu jaso». Halere, institutua lanean ari dela adierazi du, eta dagoeneko 2008ko aurrekontuei begira jarriak daudela.
Heldu den igandean Vianan ospatuko den Nafarroa Oinezera joateko asmoa duenez galdetu zaionean, Carlos Perez-Nievasek ez du zalantzarik izan: «Urteakdaramatzat joaten, eta Nafarroako Gobernuak %100ean hitzartzen duen hezkuntza eredua izaki, eta ni Hezkuntza kontseilaria izanda, nola ez naiz bada joanen?».
Haur Hezkuntzan D eredua gero eta leku gehiago hartzen ari da Nafarroan
Nafarroako Euskararen Institutuak ez du zuzendaririk izanen heldu den urtea baino lehen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu