euskal herria

Haur lapurtuen auzia "azkenera arte" ikertzeko eskatu du Patxi Lopezek

Lehendakariaren ustez, "mediku, ospitale eta hilerriek antolatutako" sare bat egon zen haurrak lapurtzeko. Erantzukizunak argitu behar direla esan du. Euskal Herriko egoera berria hizpide hartuta, Auzitegi Gorenak Sortu legeztatuko duela uste du Lopezek; eta 'Bateragune auziari' eta presoen auziari dagokienez, "zuzenak" izango direla; "legezkotasunaren eta egoeraren" araberako erabakiak hartuko direla. 

2012ko urtarrilaren 19a
18:00
Entzun

Haur lapurtuen auziko salaketak "azkenera arte" ikertzeko eskatu du gaur goizean Patxi Lopez lehendakariak, ETB2n egin dioten elkarrizketan. Lopezek esan du haurrak lapurtzeko sare bat egon zela, eta gaineratu du Eusko Jaurlaritzak salaketak azkenera arte eramateko baliabideak jarriko dituela senideen esku.

Lehendakariaren ustetan, azken egunetan Donostian eta Itsasondon (Gipuzkoa) hutsik agertu diren hilobiek frogatzen dute sare bat egon zela, eta azpimarratu du ospitale batean baino gehiagotan jaiotakoak zirela haurrak. "Hori ezin zuen egin pertsona bakar batek; mediku, ospitale eta hilerriek antolatutako sare bat izan behar zuen".

Lopezen iritziz, beldurgarria da haur horiekin gertatutakoa, eta sendiei elkartasuna adierazi nahi izan die. Erantzukizunak argitu behar direla esan du.

Auzitegi Gorenak Sortu legeztatuko duela uste du Lopezek

Euskal Herriko egoera berria hizpide hartuta, Auzitegi Gorenak Sortu legeztatuko duela uste du Lopezek; eta, Bateragune auziari eta presoen auziari dagokienez, "zuzenak" izango direla; "legezkotasunaren eta egoeraren" araberako erabakiak hartuko direla. Bizkartzainak kentzeko erabakiaren inguruan ere hitz egin du lehendakariak, eta adierazi du Espainiako Barne Arazoetako Ministerioko arduradunekin bilduko dela, "pertsonen askatasunaren aldeko norabidean" pausoak emateko. 

Iñigo Urkullu EAJko buruari ere mintzatu zaio Lopez, hark Espainiako segurtasun indarrak "urruntzeko" eta "mendekuzko" espetxe politika bukatzeko eskatu ondoren. Euskal Herrian dagoen polizia eta guardia zibil kopurua aldatzeko aukeraz galdetuta, hauxe esan du: "Dena neur daiteke berriro, baina Urkulluk jakin behar luke agente horiek bestelako betekizunak dituztela terrorismoaren aurkako jardueraz gain". 

Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuak bilera sail bat hasiko du otsailean, eta elkarrizketak izango ditu Patxi Lopezekin eta Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidentearekin. 

Espainiako Gobernuaren esku hartzea aurrekontuetan

Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroak atzo iragarri zuen defizit helburua betetzen ez duten erakundeen kontuetan esku hartuko duela Espainiako Gobernuak eta aurrekontuak betetzen ez dituzten politikariak eta erakunde publikoetako kudeatzaileak auzibidean jartzeko lege bat onartuko dutela. Aukera hori ”absurdoa” iruditu zaio Lopezi. Neurri horren bidez Montorok ”PP erdia kartzelara bidali nahi al du?”, galdetu dio Lopezek, ironikoki, ETBko aurkezleari. "Haren alderdian bada udala 7.000 milioi euroko zuloarekin utzi duenik”, gogorarazi du. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.