Gizartea

Haur lapurtuen auzian muturreraino iristeko babes juridikoa eskatu dute

[ustream]http://www.ustream.tv/recorded/20639428[/ustream] Administrazioaren geldotasuna eta Osakidetzaren jarrera itxia salatu dituzte BERRIA Telebistak ume lapurtuen auziari buruz egindako zuzeneko saioko gonbidatuek: Inmaculada Garate Gipuzkoako Fiskaltzako fiskalak, Marian Zubia SOS Haur Lapurtuak elkarteko bozeramaile eta ustez haurra zenean lapurtua izan zenak, eta Arantza Galdos Akizen anai bat lapurtu zietela salatu duen senideak.

2012ko otsailaren 23a
13:31
Entzun

Aurreko astean haur lapurtuen auziak bultzada garrantzitsua jaso zuen Eusko Legebiltzarrean, 1940 eta 1990 artean lapurtutako haurren kasuak aztertzeko batzorde bat osatzea erabakita. Azken hilabeteetan haur lapurreten salaketa geroz eta gehiago jaso dira epaitegietan, eta BERRIA Telebistak gaur zuzeneko saio batekin heldu dio gaiari.

Gonbidatuak Inmaculada Garate Gipuzkoako fiskala, Marian Zubia SOS Haur Lapurtuak elkarteko bozeramailea eta ustez haurra zenean lapurtua izan zena, eta Arantza Galdos 1963. urtean Akizen anaia bat lapurtu zietela salatu duen senidea izan dira.

Babes judizialaren beharra

Gonbidatuek babes morala badutela adierazi dute, baina babes judiziala ezinbestekoa dela gogorarazi dute. ”Bihotza badugu muturreraino iristeko baina babes juridikoa behar dugu, legea gure zerbitzura egotea”, azpimarratu du Galdosek. Ildo horretan, administrazioa oso poliki doala salatu dute eta dokumentuak lortzeko denbora asko galdu behar izaten dutela familiek. Gaineratu dute Osakidetzak eta klinika pribatuek ez dituztela dokumentuak eman nahi izaten eta batzuetan txostenen zatiak bakarrik jasotzen dituztela.

Dokumentu horiek jokatzen duten papera, ordea, oso garrantzitsua dela esan dute gonbidatuek, "usteak frogatu egin behar direlako". Hain zuzen, salaketa aurrera egiteko oztoporik handiena denbora dela adierazi du Gipuzkoako fiskalak, aspaldiko kontuak izaki frogak lortzeko zailtasunak daudelako: lekukoak hilda, dokumentuak desagertuta...

Auziaren atzean irabazi ekonomiko handiak izan zirela uste dute. Hala ere, auzi horretako bi aldeek gizarteko sektore zabala hartu zutela argitu dute; "lapurtutako haurrak ez ziren soilik familia pobreetakoak eta adoptatzen zituztenak ez ziren denak aberatsak". BERRIA Telebistako saioko hizlarien esanetan, familia askok ez zekiten jasotzen zituzten umeak lapurtuak zirela eta horrek haur horiek topatzea zailtzen du, dokumentuetan ere biologiko gisa agertzen direlako.

Aitortza helburu

Apaiz eta medikuek inpunitate osoz jokatu dutela adierazi du SOS haur elkarteko bozeramaileak, ”bazekitelako euren hitza ez zuela inork zalantzan jartzen”. Horregatik, ume horiek topatzea zaila bada ere, gertatutakoa argitzea nahi dute, aitortza bat egitea, eta haur lapurtuen auziaren atzean egon zirenak zigortzea ezinezko denean —kasu batzuetan hilda daudelako—, behintzat izen-abizenak mahai gainera atzeratzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.