Gizartea

Haur pornografia Internetez banatu izana egotzi diete sei laguni, eta bat atxilotu dute Agurainen

Euskal Herrian, Herrialde Katalanetan eta Espainian polizia erakunde ezberdinek eginiko operazioan guzira 20 lagun atxilotu dituzte. Arabako atxilotuari Bizkaiko bost inplikatuak gehitu dizkiote iaz hasitako operazioaren balantzea egitean.

2009ko otsailaren 17a
18:56
Entzun
Haur pornografia Internet bidez banatu izana leporatu die Ertzaintzak sei laguni, eta horietako bat, gizonezko bat, atxilotu du Agurainen (Araba), Eusko Jaurlaritzaren Barne Sailak gaur jakinarazi duenez.

Ertzaintzako delitu informatikoen atalak Aguraingo bizilagun bat atxilotu du, haur pornografia edukitzearen eta Internet bidez banatzearen delitua egotzita, eta mota horretako edukiak dituzten 17.000 artxibo informatiko atzeman dizkiote. Operazio horretan beste bost lagun inputatu dituzte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, eta, Espainiako estatuan, guzira lagun atxilotu dituzte. Ertzaintzaz gain, Kataluniako Mossos d'Esquadrak eta Espainiako Polizia Nazionalak eta Guardia Zibilak parte hartu dute operazioan.

Iaz hasitako operazioa, bukatua

Eusko Jaurlaritzako Barne Sailak azaldu du polizia operazioa itxitzat eman dutela eta iaz abiatu zutela polizia erakundeek, Kataluniako herritar batek Mossos d'Esquadrari auziaren berri eman zionean. Kataluniako poliziak ikerketaren berri eman zion Ertzaintzari, operazio horren zenbait ildok Euskal Autonomia Erkidegora eramaten baitzuten. Hortaz, joan den otsailaren 11n, Ertzaintzak hiru etxebizitza miatu zituen: Agurainen, Getxon (Bizkaia) eta Erandion (Bizkaia).

Miaketen ondorioz, Aguraingo gizonezko bat atxilotu zuten, haur pornografia zituzten 17.000 artxibo baino gehiago atzeman zizkiotelako, ustez sarearen bidez banatzeko. Halaber, Ertzaintzak beste bost lagun inputatu zituen (Getxon eta Erandion), material mota bera atzeman baitzieten. Guzira, 20 pertsona atxilotu dituzte Espainiako Estatuan egindako operazioan: bat Euskal Herrian, zortzi Katalunian eta, gainerakoak, estatuko beste toki batzuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.