Gurasoek lana eta familia uztartzeko Eusko Jaurlaritzako Gizarte Gaietarako Sailak abian jarritako proiektua salatu duteLABek, EILASek eta Bilgune Feministak. Proiektu horren arabera, Jaurlaritzak haur zaintzaileak jarriko ditu umeez arduratzeko. Hiru eragile horien arabera, «adabakia» besterik ez da ekimena, eta sektore horretan lan egiten dutenen lan baldintzen prekarizazioa besterik ez du ekarriko.
Jaurlaritzak irailean jarri nahi du martxan proiektua. Haurra zaintzeko zerbitzua zaintzailearen etxean bertan emango da. Bakoitzak gehienez lau haurrez arduratu beharko du. Sendi bakoitzak 100 euro ordaindu beharko ditu zerbitzuagatik, eta janaria ere eraman beharko du.
LABek salatu du ekimen horrekin zerbitzu publiko izan beharko lukeena pribatizatu nahi duela Jaurlaritzak. «Haurreskolak Partzuergoaren aurkako eraso zuzena da; haien garapena oztopatzen da». Kezka azaldu du, halaber, zaintzaileei eskatuko zaien prestakuntzarekin. «Noren esku utzi nahi du Zabaletak hurrengo belaunaldien heziketa?». Euskararen ezagutza jarri du LABek horren adibide: «Ez da derrigorrezkoa izango lanean aritzeko. Beraz, ez da bermatuko haur horiek euskara ikasteko duten eskubidea».
Hezkuntzaren ikuspegitik proiektua «atzerapausoa» da,EILASen ustez. «Oso mantso zihoan haur eskolen sorrera oztopatzen du, eta uko egiten dio 0-6 urteko aldiari eman nahi diogun trataera orokoreta koherenteari».
LABen eta EILASen kritikekin bat dator Bilgune Feminista, eta nabarmendu du halako neurriekin ez zaiela aurre egingo gurasoek lana eta familia uztartzeko dituzten arazoei. Zaintzaileek izango dituzten lan baldintzez oharra egin du Bilgune Feministak: «Hasieratik prekarietate egoera batean egongo dira langile horiek».
Jaurlaritzak erantzun du haur eskolenak ez duela zertan aukera bakarra izan. Gainera, azaldu du proiektuari esker lanpostuak sortuko direla eta ez dela lana prekarizatuko. Zaintzaileak kooperatiba batean bilduko dira.
Haurrak etxean zaintzeko Jaurlaritzaren proposamena salatu dute
LABek, EILASek eta Bilgune Feministak diote atzerapausoa dela; lanpostuak sortuko dituela dio Jaurlaritzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu