Azken urteetan sortze kopuruak gora egin du Ipar Euskal Herrian. Gaur egun, familiek bataz beste bi haur dituzte, edo bigarren haurra ukaiteko bidean dira. Barnealdean, aldiz, bi haur baino gehiago dituzten familia gehiago bada, Dominique Barat Baionako Familia Alokazio Kutxako (CAF) komunikazio arduradunaren arabera. Azken urteetan sortze kopuruak gora egin du. Frantziako Estatuaren «politika natalista» da horren eragile nagusia, Baraten ustez.
Familia Alokazio Kutxek laguntza mota anitz banatzen dute, familia bakoitzaren irabazien arabera. Lehenbiziko haurra ukaiten duten bikoteek laguntza multzo bat eskuratzen dute. 840,96 euroko laguntza bat jasotzen dute haurra sortu aitzin, haurraren sortzeak dakartzan lehen gastuei aurre egiteko. Haurrak hiru urte bete bitartean, hilabetean 168,20 euroko laguntza jasotzen dute.
Hiru urte horietako epean, gurasoetariko batek haurra hazteko lanetik gelditzea erabakitzen badu, diru laguntza bat gehiagoren eskubidea dauka, hots, hilabetean 353,67 eurokoa, lana osoki geldituz gero.
Haurra zaintzeko aukera desberdinak ere badituzte. Haurra zainduko duen langilearen soldata zati bat bere gain hartzen du CAF kutxak, eta gizarte segurantza ere bai. Haurra haurtzaindegian uztea ere lagundua da. CAFek haurtzaindegia laguntzen du zuzenean. Horri esker, haurra zaintzea merkeago ateratzen zaie familiei.
Haur horrek, hogei urte bete bitartean, eritasun larri bat edo istripu bat baldin badu edo elbarritua bada, gurasoek beren lanetik egun batzuk har ditzakete haur horretaz arduratzeko. Hilabetean 22 egun hartzen ahal dituzte gehienez, hiru urteko epean.
Bestalde, eskola sartzerako diru laguntzak ere banatzen dituzte: 268,01 euro haur bakoitzeko.
Familiarentzako diru laguntza ohiko eta iraunkorrak bigarren haurra ukan ondoan ematen dituzte. Bi haurrekin, familiak hilero 117,14 euroko laguntza jasotzen du. Diru laguntza handitzen da, haur gehiago ukanez bezala.
Guraso dibortziatuen egoera ez da konpondua, oraindik. Familia alokazioak bi gurasoetatik baten esku baizik ez dituzte uzten. «Anitz altxa dira horren aurka», dio Baratek, bereziki haurraren zaintza partekatua duten gurasoak. Frantziako Legebiltzarra lege baten prestatzen ari da, haurra aldizka zaintzen duten bi gurasoei diru laguntzak banatzeko, bakoitzaren irabazien arabera.
Diru laguntzaz aparte, aholkularitza lana ere eskaintzen dute. Guraso gazteentzako harrera guneak badira herri desberdinetan, beste gurasoekin eta animatzaileekin batera, dituzten dudak argitu ahal izateko.
Haurrak ukaiteko eta hazteko laguntzen ondorioak
Sortze kopuruak gora egiteko, familiei eta haurtzaindegiei laguntza bereziak eman behar zaizkie
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu