Haurren aurkako abusuen zigorgabetasuna murrizteko legea abiatu du Madrilek

Haurrak eta nerabeak babesteko lege proiektua onartu du Espainiako Ministroen Kontseiluak. Besteak beste, abusuen preskripzio epearen hasiera atzeratzea ekarriko du. 

jarraia182598.jpg
Maite Asensio Lozano.
2020ko ekainaren 9a
15:55
Entzun

Espainiako Gorteetako bidea hasiko du Haurrak eta Nerabeak Babesteko Legeak. Espainiako Ministroen Kontseiluak onespena eman dio gaur lege proiektuari, eta «adostasunerako» deia egin du Pablo Iglesias Eskubide Sozialen ministroak, zuzenketen bidez testua «hobetzeko». Barkamena ere eskatu du, «berandu» datorrelako egitasmoa; izan ere, haurren aurkako sexu abusu eta tratu txarren eremuan ekarriko ditu legeak neurri esanguratsuetako asko, hain justu, erasotzaileen zigorgabetasuna murrizteko asmoz. Besteak beste, halako delituen preskripzio epearen hasiera atzeratu egingo dute: egun, biktimek 18 urte betetzen dituztenean hasten da epe hori, baina legea onartzean, biktimek 30 urte betetzean abiatuko da; delitu motaren arabera, hamabost urtera artekoa izan daiteke preskripzio epea.

Hala ere, zabalagoa da legea. Haurren eta nerabeen eskubideak zerrendatu ditu, nazioarteko hitzarmenek ezarritako irizpideetara egokituta, eta adingabeek jasan ditzaketen bortizkeria moldeak ere definitu ditu: «Indarkeriatzat jotzen dugu edozein kalte edo abusu fisiko, mental edo moral, edonola gauzatzen dela, baita informazio eta komunikazio teknologien bidez egindakoak ere». Zigor kodean jasotakoez gain, Internet bidezko delitu berriak jasoko ditu legeak, tartean adingabeak beren burua zauritzera edo hiltzera bultzatzea. Era berean, herritarrak derrigortuta egongo dira delitu zantzuak edo arrisku egoerak jakinaraztera.

Testuak bi eremutan jarri du arreta berezia: familian eta eskolan. Hezkuntzaren esparruan, eskola jazarpenari aurre egiteko hainbat neurri ezarriko ditu: zentro guztiek eduki behar dute alorreko protokolo bat, eta horiez arduratzeko, ikastetxe guztiek izendatu beharko dute «ongizate eta babeserako koordinatzaile» bat. Antzeko figura bat sortu nahi dute kirol eremuan ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.