Diagnostikoa jakitea baino askoz gogorragoa izan zen lehenago bizi izan genuena». Maria Tabar hala mintzo da bere bi seme-alabek duten arazoaz. Hiperaktibitatea eta arreta jartzeko ezintasuna dute, oldarkortasunarekin nahastuta. «Gakoa egiten dutenaren ondorioetan pentsarazten erakustea da», nabarmendu du. Gurasoei, berriz, mezu argia eman die. «Saia daitezela beren seme-alaben jokabidea ulertzen, ez baitute nahita egiten».
Tabarren seme-alabei 8 eta 10 urterekin antzeman zieten arazoa. Semeari aspalditik sumatzen zizkion jarrera arraroak. «Oso jarrera oldarkorra zuen, eta umore aldaketa asko. Eskolan ere ez zen geldirik egoten, eta kosta egiten zitzaion irakasleak zioenari arreta jartzen. Ez zituen liburuak etxera ekartzen, edo eskolara eramatea ahazten zitzaion. Egin beharreko etxeko lanak ere ez zituen gogoan izaten». Bai irakasleek eta bai kontsultatu zituen medikuek ere garrantzirik ez emateko esan zioten. «Despistatu samarra zela uste zuten eta pailazokeriak egitea gustuko zuela. Baina adin horretan beti zeudela halakoak, eta ez kezkatzeko». Tabarrek, ordea, ez zuen ulertzen semearen jokabidea. «Nik etengabe egiten nion errieta, eta zigortu ere egiten nuen. Baina alferrik zen. Ez zuen jarreraz aldatzen».
Alaba jokabide antzekoak izaten hasi zenean, beste aditu batengana joatea erabaki zuen. Hark diagnostiko argia egin zion: hiperaktibitatea eta arreta jartzeko ezintasuna. «Gurasoentzat gogorra izaten da albiste hori jasotzea. Guretzat ere hala izan zen. Baina, bestalde, lasaitua ere hartu genuen. Izan ere, behingoz bagenekien semeak ere hori zuela».Berehala hasi zen laguntza bila. ADHI elkartearekin jarri zen harremanetan, Hiperaktibititatea eta Arreta Jartzeko Arazoak dituzten Haur eta Familien Nafarroako Elkarteko kideekin. «Babes handia izan zen niretzat, seme-alaben jokabideak ulertzen lagundu baitzidaten, eta nituen kezkak eta zalantzak argitzen. Niretzat terapia bat zen astero egiten genuen bilera. Indarberrituta irteten nintzen».
Gakoa haien jokabidea ulertzea dela nabarmendu du. «Gaizki egiten dutela esanez edo zigortuz ez da ezer konpontzen. Izan ere, haiek ez dira egiten dutenaz jabetzen. Alderantziz, kargu hartzeak autoestimuan eragiten die. Berez autoestimu txikia duten pertsonak dira, etengabe jasotzen dutena errieta eta zigorra baita. Horrek ez die batere laguntzen aurrera egiten». Dena den, arau batzuk ere ezarri behar zaizkie. «Edozein haurri bezala. Horretan ez dago alderik». Errutinak ere ezinbestekoak iruditzen zaizkio. «Edozein haurrentzat beharrezkoak badira, hauentzat are gehiago. Zenbat eta gutxiago aldatu haien eguneroko bizimodua hobeto. Edozein ezustekorekin urduri jartzen dira, ezinegona eragiten die. Ahal bada, aurretik eman behar zaie aldaketa horien berri. Hala barneratuz joaten dira, eta lasaiago hartzen dute ».
Hobekuntza «nabarmena»
Terapia psikologikoari esker, Tabarren seme-alabek «nabarmen» egiten dute hobera. 17 eta 15 urte dituzte gaur egun. «Hasieran haien oso gainean egon behar izaten nuen. Baina orain independenteak direla esan daiteke. Beste edozein nerabek dituzten arazoak, kezkak eta jarrerak dituzte». Dena den, hasiera ez zen erraza izan. «Alabaren kasuan, sintomak nabarmenagoak ziren. Eserita egon eta minutu pare batez zerbaiti arreta jartzea benetako lorpena zen». Pixkanaka, ordea, joan zen lortuz. «Eskolako azalpenak edo irakurtzen zuena ulertzea eta jarraitzea eta etxeko lanak ez ahaztea ere aurrerapauso handia izan ziren». Horretarako, teknikak ez ezik, trikimailu txikiak erakusten dizkiete. Agenda, adibidez, benetako altxorra da haientzat. «Horrek huts egiten badie, oraindik ere gertatzen zaie etxeko lanez ahaztea. Baina, zorionez, oso barneratua dute hori. Ia ez dute inoiz ahazten etxeko lanen, azterketen eta talde lanean inguruko oharrak agendan idaztea».
Hiperaktibitatea eta jarrera oldarkorrak kontrolatuagoak izan arren, arreta jartzeko gabeziak denboran irauten du. «Nahiz eta botikak hartu, hor dute arazorik handiena. Dena den, oso harro nago seme-alabez, kostata izan arren ikasketekin jarraitzen baitute. Urte bateko atzerapenarekin bada ere, DBH egiten ari dira».
Kontrolatu beharreko beste elementuetako bat ikaskideekin harremanak direlanabarmendu du. «Hain oldarkorrak izanda, ohikoa izaten da ikaskideekin gatazkak izatea. Maiz sartzen dira borroketan. Horregatik da horren garrantzitsua jarrerak kontrolatzea».
Baina kontrakoa ere gerta daiteke. «Hain oldarkorrak direla ikusita ikaskideak beraiez aprobetxatzea, gaiztakeriak egiteko. Beraiei egiteko esaten diete. Haur horiek dituzten harremanak, beraz, arretaz jarraitu behar dira». Hortik harago, baikortasun mezu bat bidali nahi izan die semeak edo alabak hiperaktibitatea edo arreta gabezia dutela jakin berri duten gurasoei. «Aurrera begira dezatela, ez baitira bakarrak arazo honekin. Gainera, badira baliabideak beren seme-alabek hobera egiteko».
«Haurren jokabidea ulertzea da gakoa»
Zazpi urte dira Maria Tabarren seme-alabei hiperaktibitatea eta arreta jartzeko ezintasuna antzeman zizkietela. Urte hauetan hobekuntza nabarmena egin dute, eta edozein neraberen kezkak eta arazoak dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu