Haurren kontrako indarkeria

Haurren kontrako sexu indarkeriaren aurka, manifestaziora deitu dute ekainaren 24rako

Haurren kontrako bortizkeria patriarkala salatzeko, eta perituen txostenak kontuan hartu gabe itxi diren kasu guztiak berriz irekitzeko eskatzeko, manifestazioa egingo dute Algortan, Haurren kontrako sexu indarkeriaren aurrean inpunitaterik ez lelopean.

jarraia152976.jpg
Peru Azpillaga Diez.
2018ko ekainaren 6a
07:25
Entzun

Salatzen diren sexu abusuak kontuan haruta, 13 urtetik beherako umeen artean, lau neskatotik batek eta zazpi mutiletik batek jasan dute noizbait sexu erasoren bat. Gainera, haurrek, gehienetan, erasotzailea ezagutu egiten dute; kasuen %90ean, hain zuzen ere, erasotzailea hurbileko senidea baita. Egoera horren aurrean, gaur aurkeztutako manifestua sinatu duten erakundeek "begiak zabaltzeko unea" dela aldarrikatu dute, eta egun erabiltzen den sistema judiziala kolokan jarri dute. "Bost haurretik batek indarkeria sexuala jasaten badu, zenbat erasotzailerekin batera bizi gara gure inguruan?", galdegin dute. Horregatik, Haurren kontrako sexu indarkeriaren aurrean inpunitaterik ez lelopean, manifestaziora deitu dute 13:00etan, Algortan, Telletxetik (Getxo, Bizkaia).

Antolatzaileek plazaratu dutenez, indarkeria horren gotorleku nagusia da patriarkatuan oinarria duen familia nuklearra. Gehienetan, familia eredu hori eta bere inguruko sarea direlako errealitate isildu horren "babesleku". Horrek azaltzen du, besteak beste, zergaitik soilik biktimen %10ek jartzen duten salaketa: "Eremu pribatuan gertatzen den bortizkeria da, eta haurrek, erasoa salatzeko ahalmenik gabe ikusten dute askotan haien burua; horrexegatik, gehienek nagusi izan arte itxaroten dute kontatzeko edota, kasurik txarrenetan, ez dute inoiz kontatzen", argudiatu dute.

Horretaz gain, antolatzaileen aburuz, gertatuakoa legalki egiaztatzeko zailtasunak eta sistema judizialak jartzen dituen trabak ere salaketen portzentaia baxuaren adierazgarri dira. "Haurrak sexu abusua egon dela frogatu beharko du, eta trabaz beteriko prozesu judizial bati egin behar dio aurre", esplikatu dute. Alde batetik, ez delako haurraren hitza kontuan hartzen, eta sufritutakoa behin eta berriz azaldu arren, epaileek ez dituztelako kontuan hartzen haurren testigantzak edota marrazkiak. Horrekin batera, haurren testigantzak laguntzen ditutzen txosten perizialak ere atzera botatzen direla adierazi dute: "Profesionalen hitza kontuan izan gabe". Bestetik, lekuko bakarra, normalean, ama izaten da, eta "sistema judizialaren egitura patriarkala dela eta, haien hitza zalantzan jartzen da". Azpimarratu dutenez, amak bere seme-alabak manipulatu dituela argudiatzen da, eta hori medio, epaitegietan gezurra esan duela iritzita, seme-alaben zaintza kentzerainoko prozesuak ere izan dira". Azkenik, prozesuaren geldotasuna ere aipatu dute, horrek dakartzan baliabide ekonomikoen faltan, emakume askok, prozesua alde batera uztera behartuta ikusten baitute haien burua.

Halaber, antolatzaileen arabera, "zerbitzu publikoen eragiteko protokoloak erasotzailearen absoluziorako argumentu juridiko bezala erabiltzen dira", eta horregatik, erakundeek bermatzen duten legitimizazioa salatu dute. Egoera horren aurrean, gizarteari dei egin diote, kasuen aurrean begiak irekitzeko eta hausnartzeko eskatuz: "Indarkeria horri erantzutea beharrezkoa delako".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.