Hezkuntza

Haurreskolak partzuergoan gaztelania bermatzeko eskaria salatu dute ELAk, LABek eta Kontseiluak

Uste dute euskara normalizatzeko kaltegarria dela EAJk, PPk eta UPDk Eusko Legebiltzarrean hartutako erabakia, eta atzera egiteko eskatu dute.

Berria.info
2013ko otsailaren 8a
20:08
Entzun

"Atzerapauso izugarria" da, LAB sindikatuaren ustez, Haurreskolak partzuergoan gaztelania gehiago erabiltzearen alde atzo Eusko Legebiltzarrak adostutako eskaria. EAJk, PPk eta UPDk babestu zuten proposamena."Euskararen ezagutzari kalte egin eta gaztelania inposatzen du", uste du sindikatuak. Batez ere EAJren jarrera kritikatu du. "Jarrera lotsagarri baino lotsagarria lotsagarriagoa izan du. Madrilen Werten legearen kontra agertu, eta Euskal Herrian lege hori aplikatu dute haurreskoletan jarri asmo duten hizkuntzaren trataerarekin". Horren aurrean 0-3 zikloa "unibertsala, doakoa, euskalduna eta kalitatezkoa" izatea aldarrikatu du. Hala, astelehenerako elkarretaratzeak deitu ditu, 18:00etan, Eusko Jaurlaritzaren hezkuntza ordezkaritzen aurrean.

Hartutako erabakia erretiratzeko eta zuzentzeko eskatu du ELAk. "Horrela egingo ez balitz, Eusko Jaurlaritzari eta Haurreskolak Partzuergoari eskatzen diegu ez dezatela aplikatu, hizkuntza eskubideen eta euskararen normalizazioaren aurka doalako". Euskara sustatu beharra defendatu du sindikatuak: "Euskararen aldeko diskriminazio positiborik egiten ez badugu, ez dugu sekula euskara normalizatzea lortuko".

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak "kezka handiz" ikusten du Eusko Legebiltzarrak hartutako erabakia: "Atzerapausoa da, eta kaltegarria hizkuntz normalizaziorako. Gainera, haurren hizkuntz eskubideak urratzen ditu". Elkarbizitzaren aurkako erasotzat jo du. Gogorarazi du euskara dela gutxiagotua dagoen hizkuntza: "Administrazioari dagokio hura babestea, sustatzea eta normalizatzea". Eskari argia egin dio EAJri: "Bere jarrera aldatu, eta hasieratik ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko dituen eredu bakarra jar dezala indarrean".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.