EAEko haurreskolak sareko sindikatuek bertan behera utzi dute biharko Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan deituta zuten greba. Eskola partzuergoak soldatak ez jaistea erabaki du, eta hori negoziatzen hasteko oinarri nahikoa dela utzi dute deialdia bertan behera.
LABek eta EILASek atzo zioten ez zutela azkenean greba deituko. Atzo eta herenegun bilerak egin zituzten sindikatuek, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Haurreskolak partzuergoak. Bileretan hainbat adostasun lortu dituztela azaldu dute LABek eta EILASek: partzuergoak konpromisoa hartu du soldata jaitsierarik ez egiteko; bestalde, batzorde tekniko bat sortuko da, haur eskola guztietan eta bakoitzean dauden lan baldintzak aztertzeko, eta lan hitzarmenari egokitzeko beharrezko diren neurriak proposatzeko. LAB eta EILAS sindikatuek ontzat jo dituzte konpromiso horiek, eta biharko deitutako greba bertan behera utzi dute.
Lan hitzarmena negoziatzeko mahaia eratu ezinik daude, eta lan ituna 2009ko abendutik iraungita dute. LABek greba deialdia luzatzean salatu zuenez, gainera, ordura arte indarrean zegoena ere ez da betetzen.
Greba deialdiaren arrazoia murrizketak ziren, aurrekontuan, soldatetan, lan balditzetan eta, horren guztiaren ondorioz, zerbitzuaren kalitatean. LAB, ELA eta EILAS sindikatuek deitu zituzten grebara, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zentroetako hezitzaileak zein kudeaketa alorreko beharginak.
Milioi bat euro gutxiago eman dio Jaurlaritzak partzuergoari 2011n. "Ikasturtea amaitu bezala hasi dugu, murrizketekin; beraz, kalera atera beste aukerarik ez zaigu geratzen", azaldu zuen ELAko ordezkari Begoña Anakabek greba deialdian.
Izan ere, aldaketa nabarmenak izan dira beharginen lan baldintzetan, EILASeko Egoitz Isasik azaldu zuenez: "Hainbat hezitzaile erreferentziazko haur eskoletatik mugitu dituzte, ordezkapenik ez da egiten, eta haur eskola txikietan hezitzaile kopurua murriztu egin da, bakarrera heldu arte".