Hondarribiko alardea

"Hausnarketa epe" bat eskatu du Urkulluk alardearen auziari konponbidea emateko

Eusko Jaurlaritzak esku har dezan, aurretik herriko eragileak deitu ditu gogoeta egitera: "Konponbidea etorriko da elkarrizketa zintzo eta eraikitzaile baten bidez".

Jaizkibel konpainiakoak, Hondrribiko Kale Nagusia igotzen, aurtengo irailaren 8an. GORKA RUBIO (FOKU)
2018ko urriaren 5a
13:30
Entzun

Iñigo Urkullu lehendakariak gogoeta epe bat zabaltzeko eskatu du, eta auziaren konponbidea Hondarribitik heldu behar dela azpimarratu du. Eusko Jaurlaritzak esku har dezan, aurretik hango instituzio, bizilagun eta eragileen partetik "jarrera eraikitzaile" bat behar dela adierazi du. "Herri horretan aurkitu behar dute bizikidetzarako konponbidea".

EH Bilduko legebiltzarkide Maddalen Iriartek eginiko galdera bati erantzunez esan ditu hitzok lehendakariak. Aurtengoak –21. urtea Jaizkibel sortu zenetik— "marra guztiak hautsi" dituela adierazi du Iriartek. "Han egon behar da benetan hangoa sinesteko", esan dio Urkulluri. Eta konpainia horretako emakume eta gizonek urtero jasaten dituzten erasoak amaitzeko konpromiso argia galdegin dio. "Burrunbak eta plastiko beltzek ezkutatu egiten dute herritarren artean gero eta gehiago zabaltzen ari den ideia: konponbide azkar bat behar dela eta alarde parekideak ez duela ezer oztopatzen, festa aberastu baino ez duela egiten".

Horri erantzunez, Urkulluk adierazi du tradizioak funtsezko elementu bat direla herrietako "kohesiorako", baina zehaztu du horiek "garai berrietara" egokitzea ez dela horien kontra egitea. "Beste herri batzuetan egin dute".

Lehendakariak gaineratu du Jaurlaritzaren asmoa dela hiru ildo lantzen jarraitzea: "Segurtasuna, berdintasuna eta bizikidetza". Azken horri dagokionez, azpimarratu du "gutxieneko joko arau batzuk" daudela eta "errespetatu" egin behar direla. "Horregatik, hain zuzen ere, plastiko beltzen eta irainen dinamika ez da onargarria".

"Jaurlaritzaren eta bere izenean" Urkulluk "babesa" agertu die Jaizkibeleko kideei eta "deitoratu" egin ditu "aurten" gertatutako "istilu, eraso eta irainak".

Olano: "Aurtengoa atzerapausoa izan da"

Markel Olano Gipuzkoak ahaldun nagusiak ere izan du mintzagai alardearen auzia, Euskadi Irratian eginiko elkarrizketa batean. Hondarribian "bizikidetza arazo" bat dagoela adierazi du eta foru aldundia saiatu dela "ikuspegi diferente horiek elkarrekin hitz egiten ipintzen eta pixkanaka-pixkanaka giroa baretzen". Azpimarratu du, baina, aurten gertatutakoa "atzerapausoa" izan dela "Plastiko beltzak, irainak, probokazioak... lekuz kanpo daude, eta horrelako portaerak alde batera gelditu behar dira hasteko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.