Hauteskunde batzordeak Otegi "hautaezina" dela berretsi du gaur goizean egin duen bileran. Bere ustetan 2021. urtera arte hauteskundeetan hautatua izateko debekua ezarria du Bateragune auzia dela eta. Ondorioz, Otegiren izena ez da egongo bihar buletin ofizialean argitaratuko diren hautagaien izenen artean. Nolanahi ere, Otegiren defentsak bi eguneko epea du orain Donostiako epaitegietan helegitea aurkezteko, eta hala egingo dutela jakinarazi du EH Bilduk batzordearen erabakiaren berri izan ondoren. "EH Bilduk azpimarratu nahi du Arnaldo Otegik koalizioaren lehendakarigai izaten jarraitzen duela", esan dute, eta auzitegietako bidean "amaieraraino" jarraituko dutela ziurtatu dute.
Gaurko bileran ez du ontzat jo Gipuzkoako Hauteskunde Batzordeak EH Bilduk aurreko asteko erabakiaren kontra aurkeztutako helegitea. EH Bilduko defentsaren iritzian, Bateragune auziko epaia oker irakurri zuen batzordeak, eta Otegik martxotik indarrean ditu eskubide zibil eta politikoak. Hala azaldu zuen Iñigo Iruin abokatuak joan zen astean. Bere arrazoiak emanez, helegitea jarri zuen EH Bilduk batzordean, baina bereari eutsi dio Gipuzkoako Hauteskunde Batzordeak. Otegi EH Bilduren behin betiko zerrendatik kenduko dute, beraz, eta Maddalen Iriarte pasako da Gipuzkoan zerrenda buru izatera.
Iñaki Agirreazkuenaga katedradunaren parte hartzearekin baina botorik gabe hartu dute erabakia. Izan ere, hark elkarrizketa eman zion joan zen astean BERRIAri, eta bere iritzi pertsonala eman. Elkarrizketa horrekin Agirreazkuenagak inpartzialtasuna hautsi zuela salatu zuen EH Bilduren defentsak, Gipuzkoako Hauteskunde Batzordeko kidea delako, eta azken erabakia hartu aurretik bere iritzia emanda gainerakoen jarrera baldintzatu zezakeela uste duelako. Katedraduna erabakia hartuko duen taldetik baztertzeko eskatu zuen, hala, EH Bilduk, eta EAEko Hauteskunde Batzordeak Agirreazkuenagari boto eskubidea kentzea erabaki du, nahiz eta bileran parte hartzeko aukera ez dion kendu.
Nolanahi ere, Hauteskunde Batzordeak gaur eman duen erabakia ez da behin betikoa izango; gero auzitara jotzeko aukera dago. Otegiren defentsak esana du lege bide guztiak agortuko dituela. Bi egun ditu horretarako. Azken erabakia hauteskunde kanpainaren atarian hel liteke.