Ezker abertzalea, EA eta Alternatiba EAJrekin batzartuko dira hurrengo astean, Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan elkarrekin aurkezteko aukerari buruz eztabaidatzeko; horrela jakinarazi du Pello Urizar EAko idazkari nagusiak, Alternatibako eta ezker abertzaleko ordezkariekin batera Bilbon eginiko agerraldian.
Urizarrek azaldu duenez, duela hilabete egin zioten EAJri bilera eskaera, eta aste honetan jaso dute baiezkoa. Andoni Ortuzar EAJko BBBko lehendakariak bilera hurrengo astean izango dela baieztatu du. Hala ere, bere alderdiak ez duela iritziz aldatuko eta bozetara bakarrik aurkeztuko dela argitu du. Ortuzarren ustez, «interes propagandistikoak» daude alderdiok eginiko proposamenaren atzean, eta «hauteskundeei begira eginiko kalkulu» baten ondorio da.
EAJk autodeterminazio eskubidearen harira Espainiako Konstituzioan proposatutako zuzenketa dela eta —atzo Kongresuak atzera bota zuen jeltzaleen emendakina—, interes alderdikoiak albo batera uzteko eskatu du Urizarrek, jeltzaleek «soilik kanpora begirako keinuak» egiten dituztela argudiatuz. EA, Alternatiba eta ezker abertzalearen ustez, «epe laburreko proposamena» da jeltzaleena, eta, horregatik, «herri interesen defentsa bateraturako» deia egin dute: «Autodeterminazio eskubidearen defentsa ezin da ikuspuntu elektoral soiletik egin; gure nazio eskubideen defentsak Madrilera herri gisa joatea eta jardutea exijitzen du, ez bakoitza bere aldetik», argitu du Urizarrek. «Guk planteatzen duguna apustu honetan bukaeraraino joatea da, nahiz eta jakin badakigun Madrilen ezezkoa esango digutela», azaldu du Bilduko ordezkariak.
Krisiaren erakusle
PPk eta PSOEk bultzatutako Konstituzioaren erreforma «Espainiako Estatuak bizi duen krisi sakonaren ispilu baino ez da», Urizarren arabera. Era berean langile klaseari eta demokrazia gehiago eskatzen duten herritarrei alternatibak eskaintzeko gaitasunik eza egotzi dio estatuari.
Horrela, konstituzioa «gainontzeko indar politikoekin oinarrizko akordioetara iristeko saiorik egin gabe eta herritarrei galdetu gabe» aldatu nahi izatea kritikatu dute Bildu osatzen duten alderdiek, «merkatuen diktaduraren ondorio» delakoan. «Orain arte mugiezina zena, merkatuek estutzen dutenean, badirudi mugitu daitekeela», salatu du Oskar Matute, Alternatibako bozeramaileak.
Defizit publikoaren inguruko Konstituzioaren erreformak, «ongizate estatuaren desegituraketa prozesuan sakontzea dakar», Urizarren aburuz. Era berean, politika publikoak garatzeko instituzioen gaitasuna gehiago murriztuko dela adierazi du. Hori dela eta, «burujabetza politiko eta ekonomiko osoko euskal esparru bat eraikitzeko» indarrak metatzera deitu du, «erabaki politiko eta ekonomikoen oinarria herritarren borondate askea» izan dadin.
Ausardia eske
Urizarrek adierazi du «Euskal Herriak bizi duen gara historiko honek ausardia» eskatzen duela, eta, horregatik, interes alderdikoiak alboratzeko eskatu du. PSOEk eta PPk planteatzen duten erreformak ezker abertzaleak, EAk eta Alterbatibak proposatutako aliantzari indar gehiago eman diola adierazi du. Hortaz, «herri ikuspegia» lehenesteko exijitu dio EAJri: «Ez da Madrilen paktuak egiteko garaia; Euskal Herrian akordioetara iristeko garaia da, gero Madrilen herri gisa negoziatu ahal izateko».
Hauteskunde aliantza osatzera eta «herri gisa» jardutera deitu dute EAJ
Hurrengo astean elkartuko dira EAJko eta ezker abertzaleko, EAko eta Alternatibako ordezkariak, proposamenaz mintzatzekoPello Urizarrek nabarmendu du akordioak lortzeko garaia dela Euskal Herrian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu