"Hauteskunde ekitalditzat" jo du Kataluniako Gobernuak PPren asmoa

2015eko irailaren 1a
18:27
Entzun

Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren eskumenen erreformaz PPk eginiko lege proposamenaren inguruko balorazioa egin dute hainbat eragilek. Kataluniako Gobernuko bozeramaile Neus Muntek "hauteskunde ekitalditzat" jo du egitasmoa, eta kexu azaldu da PPk soilik "errepresioa, mehatxua eta beldurra" proposatzen duelako. Gainera, "konstituzioaren aurkakoa" iruditu zaio neurria.

PPren "erasoak"

Kataluniako "arazo politikoari" PPk "eraso eta mehatxuekin" erantzun izana kritikatu du Josu Erkoreka Eusko Jaularitzako bozeramaileak, eta ohartarazi du Espainiako Gobernuak berak ez dituela Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenak betetzen.

PPren asmoa "zentzugabea" dela adierazi du EAJk. Aitor Esteban Espainiako Kongresuko EAJko diputatuaren arabera, PP da auzitegi horren ebazpenen "ez betetzeen txapelduna".

Halaber, gogorarazi du Espainiako Konstituzioan ageri direla zehaztuta auzitegi horren eskumenak, eta horiek aldatzeak konstituzioaren beraren erreforma behar duela. "Konfrontazioaren bideak ez du ezertarako balio, eta horrek eraman du Katalunia egungo egoerara", gaineratu du.

Bixente Serrano Izko Geroa Baiko diputatuaren iritziz, "legalitatea eta errealitatea nahastu" egiten ditu PPk, eta "hautetsontziekiko beldurrak mugituta" jokatzea egotzi dio.

Alternatibak, berriz, salatu du PPren proposamenak "herrien borondatea bahitzeko helburua" duela. Lege ekimenaren uneari erreparatu dio Ayem Oskoz Alternatibako Koordinakunde Nazionaleko kideak, eta ohartarazi du "Kataluniako hauteskunde erabakigarrien atarian" aurkeztu duela PPk proposamen hori: "Ebazpen horiek kutsu politikoa dute beti, berriro ere, frankismoak ezarritako Espainiako nazioaren batasun sakrosaindua gordetzeko helburuarekin eta, beraz, herrien borondatea bahitzea bilatzen dute”.

Gainera, Oskozek "deitoragarritzat" jo du Merkelek Rajoy "independentismoaren aurkako bere gurutzadan" lagundu izana. Laguntza horrek “ordaina" izango du, Oskozen iritziz: "PPk Alemaniako finantza botere neoliberalen aginduen aurrean ageri ohi duen menpekotasunari eustea alegia”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.