Europako hauteskundeak

Hauteskunde errolda jasotzea debekatu dio Espainiako Auzitegi Gorenak HZri

Espainiako Estatuko abokatuaren eskaera aintzat hartuz, hauteskunde errolda jasotzeko aukera ukatu dio Auzitegi Gorenak HZ Herritarren Zerrenda hautagaitzari. "Herritar askoren segurtasuna" arriskuan ez jartzeko hartu du erabaki hori Espainiako Auzitegi Gorenak. Hain zuzen ere, Espainiako Gobernuaren ekimenez Estatuko abokatuak hautagaitza inpugnatu zuen atzo, eta badaezpadako neurri gisa, hauteskunde errolda erdiesteko debekua ezartzea eskatu zuen. Espainiako Fiskaltza Nagusiak gaur aurkeztu du inpugnazioa, eta, halaber, badaezpadako neurri bera eskatu du.

2004ko maiatzaren 19a
16:30
Entzun
HZri hauteskunde errolda ez emateko arrazoia "herritarren segurtasuna bermatzea" dela esan du Espainiako Auzitegi Gorenak. Bere iritzian eguneratutako erroldako datuak HZri emateak "garrantzizko arriskua" lekarke zenbait herritarrentzat. "Bizitza eskubidea, eta segurtasun pertsonala"bezalako oinarrizko eskubideak arriskuan jarriko lirateke.

Estatuko abokatuak atzo bezala, Espainiako Fiskaltza Nagusiak HZ hautagaitzaren kontrako inpugnazioa aurkeztu du gaur.Batak zein besteak, HZ Batasunaren ondorengoa dela argudiatu dute beren inpugnazioetan. Zehazki, Estatuko Abokatuak aurkeztutakoan "Batasunaren oinarri ideologikoekin" bat egiten duela esaten da.

Auzitegi Gorenak ostirala baino lehen ebatzi beharko du HZk Europako hauteskundeetan parte hartzerik izango duenetz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.