Iñigo Urkullu. Eusko Jaurlaritzako lehendakaria

"Hauteskunde orokorren zain egon behar da; PPrekin ez dago zer eginik"

Madrilekin akordioa lortzen tematuta jarraitzen du Urkulluk, baina onartzen du ezer gutxi espero duela handik. «Zain» egotearen aldekoa da; «bitartean», autogobernurako lantaldean nahi luke akordioa lortu. Bideoa: Urkulluri elkarrizketa (BerriaTB). [berriatb]berria.eus/berriatb/2280/[/berriatb]

edurne begiristain
2014ko abenduaren 14a
10:16
Entzun

Giza Eskubideen Nazioarteko egunean hartu ditu BERRIA-ko kazetariak lehendakaritzako egoitzan Iñigo Urkullu lehendakariak (Alonsotegi, 1961). Luze eta patxadaz erantzun ditu galderak. Aginte makila hartu zuenetik finkatutako hiru erronka nagusiak lehentasunen artean dituela azaldu du, eta agintaldiaren erdira iritsita, bere gobernua susperraldi ekonomikorako, baketzerako eta estatus berri bat lortzeko etxeko lanak egiten ari dela ziur da.

Ia bi urte igaro dira Ajuria Enera iritsi zinenetik. Nola ikusten duzu zure burua lehendakari gisa?

Nire burua nola ikusten duen esateak lotsa apur bat ematen dit. Egindakoaren balantzeari dagokionez, legealdirako iragarritako hamalau plan estrategikoetatik hamahiru onartu ditugu bi urte hauetan, eta lege egutegia ere beteta dugu. Gutxiengoan dagoen gobernua izanik, etorkizunari begirako oinarriak jartzeko kapazak izan gara bi urte hauetan.

Oposizioak lidergo falta leporatu izan dizu. Zure jardunaren autokritikarik egiten duzu?

Autokritika egunero egiten dut, goizetik gauera. Hala ere, kontuan hartu behar da gutxiengoan gaudela eta krisi ekonomiko batean murgilduta egonda ere, indar politiko guztiekin hitz egiteko kapazak garela.

Aurrekontu akordioa lortu duzu PSErekin, bigarren urtez. Eroso zaude sozialistekin?

Eroso egon ala ez, lehentasunak finkatu behar direla argi daukat, aurrera atera nahi dituzun aurrekontuek lotura zuzena dutelako gizarte eta ekonomia eredu jakin batekin. 2013ko irailean EAJk eta PSEk suspertze ekonomiko eta enplegurako sinatutako akordioa da horretarako oinarria. Horren gainean adostutako aurrekontuak gobernu honen gustukoak dira. Espero dut hurrengo urteetan ere inbertsioetarako eta azpiegituretarako aurrekontu akordioa hitzartzea.

EH Bilduk ere akordiorako eskua luzatu zizun. Abertzale baten ikuspuntutik, ez al da zaila ulertzea EAJko lehendakari batek ezetz esatea eskaintza horri?

Politika orokorreko eztabaidan esan nuen eskaintza hori ez nuela zakarrontzira botako. Baina aurrekontuen inguruan ez ezik, estatus berriaz eta bake eta bizikidetzaz ere ezker abertzalearekin hitz egin beharko dugu. Kontua da abertzale izate hutsak ez duela esan nahi gizarte eta ekonomia eredu berbera dugunik. Ezker abertzalearen aldetik planteamendu bat egon da gizarte politiketarako 600 milioi euro gehiago bideratzeko, eta guk galdetu diegunean nondik aterako den diru hori, ez dugu erantzunik jaso. Ezker abertzalearen hitzak oso politak izan daitezke, titular baterako balio dezakete, baina gero edukietan sartuz gero, milioi horiek nondik ateratzen diren ez du azaldu. Logika bat eta errealitate puntu bat izan behar du ezker abertzaleak planteatzen dituen gauzetan, eta orain arte ez du izan.

Bost aldiz batzartu zara Mariano Rajoyrekin; irailean azkenekoz. Zure eskaerei erantzun die?

Gaur arte ez.

Zer da Madrildik orain arte jaso duzuna? Zein da balantzea?

Azken bileratik hona ez dut erantzunik jaso nik planteatutako gaien inguruan, ezta aurretik hitz egin izan dugunean ere. Baina beste alor batzuetan badira Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren artean hartu eman batzuk emaitzak izan dituztenak, besteak beste, hezkuntzan, ingurumenean, garraioan, industrian, osasun sisteman eta enplegu eta gizarte politikan. Ordea, nik neronek Rajoyri planteatutako gaietan ez dut erantzunik jaso: Kupoan, Gernikako Estatutua betetzearen inguruan, espetxe politikan, armagabetzean, estatu ereduaren gainean... ez dut erantzunik jaso.

Noiz arte zaude Madrilen erantzuna itxaroteko prest?

Argi esan nuen abenduaren 31 arteko epea ematen niola.

Eta ordurako erantzunik ez badu ematen, zer?

2015ean udal eta foru hauteskundeak ez ezik, autonomia batzuetan eta Espainiako Gorteetan bozak ere badira, eta horrek guztiak testuinguru berria irudikatuko du. Abenduaren 31 igaro eta gero, eta PPk gehiengo osoa izanik, lehendakari gisa pentsatu beharko dut ez dagoela zer eginik, baina hortik aurrera EAJk bere estrategia finkatu beharko du PPrekiko eta Espainiako Gobernuarekiko. Badago, beraz, zer pentsatu. Nolanahi ere, hemen eguneroko gauzei eutsi egin behar zaie eta legebiltzarreko lanekin jarraitu beharko da, eta lan horren emaitzetatik dena eskutik joango da.

Felipe VI.a Espainiako erregearekin bildu zinenean elkarrizketa eta leialtasunezko harremana proposatu zenion. Espainiarekin aldebikotasun harreman batean sinesten duzu?

Gaizki ari da Espainiako Gobernua pentsatzen badu arazo bakarra Katalunian duela, eta Euskadirekin ez duela arazorik. Espainiako agintariek gogoeta sakona egin beharko dute horren inguruan, Espainiako Estatua birrintzeko arrisku bizian baitago. Espainiako gobernuak pentsatu beharko du zein den 36 urte hauetan eraiki nahi izan duten erkidegoen estatua eta zein izan beharko litzatekeen Konstituzioaren bigarren artikuluak nazionalitateek osatutako estatu baten inguruan jaso beharko lukeen edukia.

Estatus berri bat lortzeko, elkarrizketa, negoziazioa, akordioa eta berrespena proposatzen dituzu. Zerk zaramatza pentsatzera Madrilek akordio batera iristeko borondatea izango duela, besteak beste, Katalunian gertatutakoa ikusita?

Oker ibiliko gara pentsatzen badugu Espainiako Gobernuak egin ditzakeen urratsak soilik PPren eskutik etor daitezkeela. Badago PPtik haratago eta Espainiako gaur egungo gobernutik haratago mugimendua, eta mugimendu horretatik irten beharko da beste estatu eredu bat. Guk aspaldi esaten genuen Konstituzioaren eraldaketa ezinbestekoa zela, eta beste batzuk Espainian ari dira gauza bera esaten orain: PSOE, Izquierda Unida, Podemos... Gainera, uste dut Europako Batasunaren barneko eztabaidak berak gogoeta prozesu batera garamatzala.

Estatus politiko berria lortu nahi duzu. Prozesu horrek epe mugarik ba al du?

Bi gauza bereizi behar dira: nik nire buruan izan dezakedan gogoeta gauza bat da, baina legebiltzarrean dagoen eztabaidari begirune osoa gorde eta legebiltzarreko denborak errespetatu behar ditut. Argi daukat egungo PPrekin ez dagoela ezer egiterik gehiengo osoa duelako, eta beraz, itxaron egin beharko da Espainiako hauteskunde orokorrak izan arte, eta hortik zein emaitza datorren ikusi arte. Bitartean, legebiltzarreko autogobernu lantaldean indar politikoen artean akordio batera iristea lortzen bada, hori izango da abiapuntua.

PSOEk Konstituzioaren erreforma federala proposatzen du. Ados zaude horrekin?

Ez dakit PSOEk planteatzen duen eredu federalaren edukia zehatz-mehatz zein den. Zertan datza? Zer eragin izango du eskubide historikoak dituen herrialdeentzat? Zer eragin izango du naziotasuna Konstituzioan bertan aitortua dugunontzat? Beraz, gaur arte PSOEren planteamendua titular bat baino ez da. Hortik aurrera, federalismoa bera da 35 urteetan autonomien estatua eraikitzeko PSOEk eta PPk erabili duten eredua, eta hori ez da nire eredua.

Eta zure eredua zein da?

Etorkizunari begira ditudan gogoetak esan aurretik, nahiago dut itxarotea autogobernu lantaldetik ea zer ateratzen den. Nolanahi ere, nire planteamendua da Estatutua abiapuntutzat hartuta aldebikotasun efektiboa aldarrikatzea, baina naziotasunaren aitortza garatuz, Autonomia Estatutua bera kontuan hartuz eta bere garapena landuz, tartean, lurraldeen arteko hartu emana. Gainera, badira beste erronka batzuk Europako Batasunean herri edo eskualde gisa dugun tokia definitzeko, gaur egungo errealitatetik abiatuta landu daitezkeenak.

Zuk burujabetza partekatua proposatzen duzu, eskubide historikoetan oinarrituta. Erabakitzeko eskubideak tokia izango luke formulazio horretan?

Bai, jakina. Kanadako Auzitegi Gorenak 1998an emandako ebazpenaren arabera, erabakitzeko eskubidea printzipio demokratikoa da, eta hor tokia dauka burujabetza partekatuak. Gainera, gaur egungo Espainiako Konstituzioaren 150.2 artikuluaren arabera, estatuak bere eskumenak erkidegoen esku utz ditzake, eta horietako bat izan daiteke galdeketa edo erreferendum bat antolatzearena. Abertzale eta demokrata gisa, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dut, eta baita bere gauzatzea ere. Eta erabakitzeko eskubidea ez da nahitaez independentzia aldarrikatzea, erabakitzeko eskubidea gauzatzea baizik.

Konstituzioak aitortzen ditu eskubide historikoak. Beraz, Konstituzioa elkargunea izan daiteke euskal auzia konpontzeko?

PPk eta PSOEk urte hauetan lortu dute Konstituzioak porrot egitea, Estatua deszentralizazio kutsu batekin nahastuta. Beraz, aldarrikatzen dudana da Konstituzioaren aldaketa bat. Baina horretarako metodo bat planteatzen dut, Felipe VI.ari ere gauza bera planteatu nion: niretzat Konstituzioaren erreforma bat ez da azken helburua, azken helburua da Estatu eredua zein den definitzea. Horretarako adostasunera nola iritsi gaitezkeen ikusi behar dugu, eta horren arabera Konstituzioa aldatu daitekeen ala ez.

Konstituzioaren erreformaren lehenengo artikuluan esaten bada onartzen dela «Euskadiren eta Kataluniaren autodeterminazio eskubidea», arazoa konponduta legoke?

Ez, hortik harago joan beharko genuke. Espainiak baditu erabakitzeko dituen gaiak, adibidez, naziotasunaren aitormenarena, erabakitzeko eskubidearena, EBren barruko tokia, estatua nola antolatzen den naziotasuna errespetatuz... Ez da bakarrik aitormen bat artikulu batean, estatu ereduaz hitz egiten dugunean, askoz ere sakonagoa da kontua.

Autogobernu lantaldeari ze balio ikusten diozu? Oposizioak dio denbora irabazteko dela bakarrik.

Legebiltzar talde guztiek lantaldean parte hartzeak zerbait esan nahi du, kritiketatik harago. Horrek agian ezkutatu egiten du talde batzuk ez dutela proiektu berririk aurkeztu nahi, eta gauden bezala geratzea nahi dutela.

Aurreko legealdietan ere gai beraren inguruan autogobernu lantaldeak sortu izan dira, eta gutxirako balio izan dute.

Ezertarako ez dutela balio izan? 2000-2004 legealdian autogobernu batzordetik atera zen Estatutu politiko berri baterako proposamena, gero Ibarretxe plana deitua, eta Gorteetara eraman zen.

Jaurlaritzak Hitzeman programa aurkeztu du. Espetxe politikan eskumenik ez duen bitartean, bideragarritasunik ba al du?

Espainiako Gobernuari behin eta berriz eskatzen ari gara espetxeetako kudeaketaren eskumena, baina horretan ere frontoi bateko pareta baten aurka ari gara. Hala ere, gizarte normalizatu baten aldeko urratsak eta oinarriak jartzen ari gara. Hitzeman programa ez da soilik espetxe politika kudeatzea, bada baita gizarteratzeko prozesu legala babesten duen programa bat ere. Presoek beraiek ere bide batzuk jorratu ditzakete, eta horien artean badago Langraiz bidea, eta horrek Hitzeman programarekin badu lotura.

Euskal presoei damua agertzeko eskatu izan diezu, baina Hitzeman-en ez da damuaz hitz egiten. Zer da zehazki euskal presoei eskatzen diezuna?

Ez diegu damutzeko eskatzen. Damua agertzea baino gehiago, arestian egindako mina aitortzeko eskatzen diegu. Eta hori ETAri ere eskatzen diot: armagabetzea eta sortutako min bidegabearen aitortza egitea. Damua beti maila moral eta norbanako maila batean planteatu izan dut. Ordea, arestian egindako minaren aitortza eta sorrarazitako sufrimendu injustuaren aitortza beharrezkoak dira. Ildo horretan, oso garrantzitsutzat jotzen ditut Santi Brouarden omenaldian Edurne Brouardek erabilitako hitzak.

Duela gutxi legebiltzarrean esan zenuen Aitzol Gogortza preso gaixoaren egoera hobetzeko lanean ari zinetela. Zer pauso eman duzu?

Osoko bilkuran Julen Arzuagari erantzun nion berak bazekiela zer egiten ari ginen gai horretan, eta berak ez zuen bigarren txandarik erabili erantzuteko... Nik uste dut gai hauek diskrezio handienarekin eraman behar ditugula. Baina ezker abertzaleak badaki osasun egoera larrian dauden presoekin Jaurlaritza zer egiten ari den, eta Gogorzaren kasuan ere zer egin genuen, bai Basurtoko erietxean egon zen bitartean, eta baita Basauriko espetxera bueltatu zenean ere. Ezker abertzaleak badaki zein izan zen Jaurlaritza Barne ministerioaren aurrean landutako planteamendua.

Zein da planteamendu hori?

Ezin dut esan, baina lanean ari gara. Beraz, guri buruz esango dute nahi dutena eta horretara ohituta gaude, baina kasu honetan ere inork pentsatzen duena baino gehiago egiten dugu.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.