HAUTESKUNDE OSTEA. Alternatibaren

Igandeko emaitzekin, Eusko Legebiltzarrean nagusitasun handia izango luke PSE-EEk, baina hauteskunde autonomikoetan beti emaitza txarragoak izaten dituela badaki.

Imanol Murua Uria.
2008ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begira jarria da PSE-EE. Badaki joan den igandean lortutako emaitzak nekez errepikatuko direla datorren udazkenean edo datorren urtean Eusko Legebiltzarrerako bozak egiten direnean, baina inoiz ez du izan halako abiapuntu sendoa, EAJ Ajuria Eneko jauregitik ateratzeko ametsa betetzeko: botoen %38rekin, 11 puntuko aldea ateratzen dio alderdi jeltzaleari; eta Eusko Jaurlaritza osatzen duten hiru alderdiek batera baino bi puntu gorago dago alderdi sozialista bakarrik.

«EAJri irabaztea badagoela erakutsi dugu», esan du Jose Antonio Pastor Bizkaiko PSE-EEko idazkari nagusiak, baina jarraian aitortu du badakiela emaitza horiek ezin direla «mimetikoki» Eusko Legebiltzarreko bozetara eraman. Espainiako Gorteetarako emaitzekin, igandean bezala Batasunarik edo haren ordezkorik lehiatuko ez balitz, PSE-EEk oso gehiengo erosoa izango luke EAEko parlamentuan: 33 legebiltzarkide, gaur egun dituenak baino 15 gehiago, EAJ-EA koalizioak dituenak baino lau gehiago; EAJk 20 legebiltzarkide lituzke (orain baino bi gutxiago), PPk 16 (bat gehiago), EBk hiru (berdin), EAk bi (bost gutxiago) eta Aralarrek bat (orain bezala).



BATA BEHERA, BESTEA GORA. Lehendakaria, jakina, Patxi Lopez litzateke -EAJ eta PP elkartuko ez balira behintzat-. Jaurlaritzako hirukoa eta Aralar batuta ere, 26 legebiltzarkidera baino ez lirateke ailegatuko, PSE-EE baino zazpi gutxiago.

Baina joan den igandeko emaitzak gehiago dira Jose Luis Rodriguez Zapaterorenak Patxi Lopezenak baino. Izan ere, legealdiz legealdi gertatu denak erakusten du Espainiako hauteskunde orokorretan baino emaitza apalagoak lortzen dituela beti alderdi sozialistak Euskal Autonomia Erkidegoko autonomikoetan. Beti.

Batez beste, ehunekoetan bost puntu inguru jaitsi izan da PSE-EE Espainiako hauteskunde orokorretatik Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako emaitzetan, zortzi legealditan. Inoiz ez du lortu emaitza hobetzerik. Gutxiena jaitsi zenean, 1993. urteko Espainiako hauteskundeetatik 1994. urteko autonomikoetara, 1,3 puntu jaitsi zen.

Alderdi jeltzaleak, aldiz, ia beti hobetu egin ditu emaitzak hauteskundeak Eusko Legebiltzarrerako izan direnean. Alderdiaren zatiketaren urteko hauteskunde bereziak alde batera utzita (1986), salbuespen bakarra dago EAJren estatistiketan, baina salbuespen kezkagarria, denboran hurbilen dagoen erreferentzia baita: EAJ-EA koalizioak 2005eko autonomia hauteskundeetan lortu zituzten emaitzak -468.117 boto, % 38,7-, urtebete lehenago Espainiako Kongresurako bozetan bi alderdiak bereizita lortu zituztenak baino txarragoak izan ziren -501.885 boto, bien artean, %40,8-.

1986. urteko azaroko hauteskunde autonomikoetan ere, urte bereko ekainean Espainiako bozetan lortutakoak baino emaitza txarragoak izan zituen EAJk. Baina ekainean artean zatitu gabe zegoen alderdi jeltzalea, eta azaroan bi zatitan aurkeztu zen: batetik, EAJ, eta bestetik, EA. Bien botoak batuta, hobetu egin zituzten hilabete batzuk lehenago elkarrekin ateratakoak.



1993KO GARAIPENA. PSE-EEk beste behin bakarrik lortu izan du, joan den igandean bezala, Euskal Autonomia Erkidegoan EAJri nagusitzea. 1993. urtean izan zen, Felipe Gonzalezek hauteskundeak azkenengoz irabazi zituenean. Ramon Jauregi zen orduan PSE-EEko idazkari nagusia. Baina jeltzaleek baino bost mila boto gehiago besterik ez zituen atera EAEko alderdi sozialistak -293.442 boto batak, 287.908 besteak-, eta ehunekoetan puntu erdi baino ez -%24,9 eta %24,4-.

Handik urtebetera, Felipe Gonzalezen aroa gainbeheran hasia zegoenean, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan nagusitasuna berreskuratu zuen EAJk, alde handia kenduz gainera: batak 5,4 puntu gora, besteak, 7,8 behera, ia 13 puntuko aldea kendu zion hauteskunde haietan EAJk PSE-EEri. Jose Antonio Ardanzaren azken agintaldiaren hauteskundeak ziren. Ez zuen asko iraun PSE-EEren nagusitasunak.

PSE-EEk ez bezala, PPk behin lortu du Espainiako bozetarako emaitzak baino hobeak ateratzea hauteskunde autonomikoetan.1998. urteko hauteskundeetan izan zen, Jose Maria Aznarrek Espainiako Gobernuan agintea estreinatu berria zuenean, Juan Jose Ibarretxeren lehen agintaldiko bozetan: bi urte lehenago, Aznar agintera eraman zuten bozetan, PP EAEko hirugarren indarra izan zen (botoen %17,9), eta urte hartako bozetan bigarren indarra izan zen (%20,13), Madrilen agintean egoteak eman ohi duen bultzada dela eta.

Dena den, PSE-EE inoiz ez bezalako abantailarekin abiatuko da hurrengo autonomia hauteskundeetarako lehiarantz, orain arte inoiz bizi gabeko indar erlazioarekin. Batak behera egin ohi du, eta besteak, gora; baina hauteskunde batzuetatik besterako gorabehera gutxitan izan da PSE-EEk orain lortu duen 11 puntuko abantailari buelta emateko bezain handia. 1980ko hamarkadan gertatu izan zen, eta 1994an ere bai azkenengo aldiz, EAJ 7,8 puntu igo eta PSE-EE 5,4 jaitsi zenean.

Baina konparatzeko moduko azken hauteskundeetan, 2004 eta 2005ekoetan, bi puntu eta erdiren aldea besterik ez zion jan EAJ-EA koalizioak PSE-EEri, ehunekoetan biak jaitsi baitziren -Espainiako bozetan Batasuna ez zen aurkeztu eta EAEkoetan EHAK lehiatu egin zen; hortik gehientsuen ehunekoak jaistea-. Eta iazko foru hauteskundeak erreferentzia hartuz gero, hiru urte lehenagoko Espainiako bozen konparazioan puntu erdi baino ez zen igo EAJ (%34ren inguruan), eta puntu bakarra jaitsi zen PSE-EE (%27,6tik %26,7ra).



HAUTESKUNDEEN DATA. Egoera honetan, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak zenbat eta lehenago egin, orduan eta hobeto PSE-EEren interesentzat. Izan ere, Joseba Egibarrek tsunami sozialista deitu dionaren ondoren, legealdia agortu arte ez deitzea komeniko zaie Eusko Jaurlaritzako alderdiei, tsunamia baretu arte itxoitea.

Baina Juan Jose Ibarretxek hitza emana dauka: datorren urriaren 25ean galdeketa egin ahal izateko gehiengorik lortzen ez badu Eusko Legebiltzarrean, parlamentua desegin eta hauteskundeetara urrian deituko duela. Legealdia agortu arte itxoinez gero, aldiz, datorren urteko udaberrian izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.