Espainiako Gorteetarako hauteskundeei begira, proposamen bat aurkeztuko dute gaur Eusko Alkartasunak, ezker abertzaleak eta Alternatibak. Proposamenaren inguruan, prentsa deialdia baino ez dute jakinarazi. Prentsaurrekoa gaur goizean izango da, Donostiako hotel batean, «Madrilgo Diputatuen Kongresurako izango diren hurrengo hauteskunde orokorren inguruan proposamen bat egiteko».
Hiru indar politiko horiek lankidetza akordio bat dute, Euskal Herria ezkerretik izenburukoa eta joan den urtarrilaren 16an sinatua.
Espainiako gobernuburu Jose Luis Rodriguez Zapaterok hauteskundeak azaroaren 20an izango direla iragarri zuenetik aipagai nagusietako bat hauteskunde lankidetza berriak osatzeko aukera izan da. Izan ere, Aralarrek Bildurekin indarrak batzeko aukera aipatu du, zenbait baldintza beteko balira.
EAJ ere, hauteskundeei begira
Andoni Ortuzar eta Joseba Egibar EAJko burukideek datozen hauteskundeen erronka izan zuten aipagai atzo. Ortuzarren esanetan, EAJ «oso balantze positiboarekin» aurkeztuko da hauteskundeetara. Azken urteotan, Ortuzarren arabera, EAJk «bakarrik» defendatu ditu «Euskadiren interesak» Madrilen. PSE eta EAEko PP alderdi estatalen interesen zerbitzuan izan direla nabarmendu du Ortuzarrek. Ezker abertzaleari dagokionez, Ortuzarrek argudiatu du Madrilgo Gorteetako eremu hori ez zaiola «interesgarria» iruditu. «Norabidea aldatzen badu, eta Madrilen egotea euskal prozesu politikorako eta Euskadiren interesetarako ona iruditzen bazaio, ongi etorria klubera», adierazi du Ortuzarrek.
Egibarrek, berriz, hauteskundeak bake prozesuarekin lotu ditu. Egibarren ustez, azaroaren 20rako eragileek urratsak egin beharko dituzte. Egibarren esanetan, ETAren aldetik berriak izango dira, «baina bere momentuan». Zapaterok eta alderdi sozialistak ere «fitxa» mugituko dutela uste du Egibarrek.
Hauteskundeei begirako proposamena gaur
EA, Alternatiba eta ezker abertzaleko ordezkariek proposamen bat aurkeztuko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu