EAk, ezker abertzaleak eta Alternatibak gaur Donostian eskainitako agerraldian Espainiako hauteskunde orokorretara elkarrekin aurkezteko proposamena egin diete Aralarri eta EAJri.
Agerraldia egin duten hiru alderdiek esan dute hauteskunde orokor hauek Euskal Herrian ireki den fase politiko berrian sakontzeko aukera direla. "Hauteskunde hauek aukera bat dira exijitzeko Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako gizon eta emakumeak subjektu politikoa direla Madrilekin eta Europarekin beren barne zein kanpo harremanek zein izan behar duten erabakitzeko".
Azaldu dute, beren ustez, aliantza honek elkartzeko aukera eskaini behar diola Euskal Herria nazio bat dela eta bere etorkizun politiko, ekonomiko eta soziala erabakitzeko eskubidea duela pentsatzen duen orori.
Adierazi dute Aralarrekin eta EAJrekin harremanetan jarri direla eta laster proposamenaz hitz egiteko bilerak egitea espero dutela. "Eskuzabaltasunez eta anbizioz hausnar dezaten eskatzen diegu, herri gisa pentsatuz eta alderdi interes partikularretatik kanpora", esan dute.
Aliantzaren oinarrizko edukiak:
- Normalizazio politikoa —bakerako eta konponbide demokratikorako prozesua—: Gatazka behin betirako gainditzea ekarriko duen akordio demokratikoa lortzeko elkarrizketa eta negoziazio prozesua bultzatzea.
- Eskubide demokratiko nazionalak dagozkion Euskal Herria onartu eta exijitzea.
- Etorkizuneko estatus juridiko eta instituzionala zehazteari begira, Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako gizon eta emakumeen borondate demokratikoa errespetatzeko exijentzia politikoa.
- Erabakitzeko eskubidea dimentsio integral batean kokatzea, alor ekonomiko eta sozialak barne: Sozialki bidezkoa eta demokratikoa izango den gizartea egituratzeko proiektu nazionala —Lan Harremanetarako Euskal Markoaren exijentzia—.
- Herrien eskubideetan oinarritutako europar proiektua sustatzea, merkatuen inposizioari aurre eginez eta Europa demokratiko eta sozialaren aldeko jarrera garbia azalduz.