33 hautetsi independentistek gaur arratsaldean Iruñean jakinarazi dutenez, abstentzio "aktiboaren" alde egingo dute Espainiako hauteskundeetan -martxoaren 9an dira-, "Espainiako Estatu faxistari planto egiteko". Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak eta Auzitegi Gorenak martxoko bozetan izatea eragotzi diete EHAKri eta EAE-ANVri, ETAri eta Batasuna legez kanpoko alderdiari lagundu dietelakoan.
Marine Pueyok eta Arantxa Urkaregik egin dituzte bozeramaile lanak, eta "salbuespen egoera" bizi dela nabarmendu dute legez kanporatze edo jardueren eteteengatik, atxiloketengatik -200 baino gehiago azkeneko hilabetetan-, preso kopuruagatik -"frankismoaz geroztik altuena"-...
EHAKri eta EAE-ANVri Espainiako hauteskundeetan legez parte hartzen ez uztearen helburua "EAJri eta Nafarroa Bairi estatuarekin itun berria egiteko bidea libre lagatzea da", hautetsi independentista haien arabera, "berriz ere iruzurra egiteko". Horrekin, gatazka politikoa ez dela konponduko uste dute.
EHAK: "Hauteskunde antidemokratikoak izango dira"
Goizean, Nekane Erauskin EHAK-ko legebiltzarkideak Gasteizen esan du Espainiako hauteskundeak "antidemokratikoak" izango direla, "ezker abertzaleak ezingo duelako aurkeztu".
Gaur gaueko hamabietan hasiko da kanpaina, eta Erauskinek Eusko Legebiltzarrean egindako adierazpenetan azpimarratu du bertako alderdi denek egin ahal izango dutela kanpaina, EHAK-k izan ezik.
EHAK-k hauteskunde egunari begira bere jarraitzaileei zer aholku emango dien ez dutela erabaki esan du aipatutako legebiltzarkideak.
PSOE kritikatu du, "frankismoaren garairik beltzenak ezarri dituelako atxiloketekin eta legez kanporatzeekin". EAJ, EA eta EB horretaz "baliatu" egiten direla uste du Erauskinek.
Politika
Hautetsi independentistek abstentzioaren alde egingo dute Espainiako hauteskundeetan
"Salbuespen egoera" honetan, "Espainiako Estatu faxistari planto" egin nahi diote, 33 hautetsik gaur arratsaldean Iruñean esan dutenez. EAJk eta Nafarroa Baik estatuarekin "iruzur berria" egin dezaketela uste dute haiek. EHAK-k eta EAE-ANVk ezingo dute legez bozetan parte hartu, auzitegiek hala erabakita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu