Espainiako Kongresuak hautetsien foruak ezabatzea onartu du, gaur. Ciudadanosek aurkeztutako proposamenak PSOEren eta PPren babesa jaso du, eta, hiru hilabeteko epean foru babesa kentzeko Konstituzioa erreforma egitearen alde agertu da diputatuen ganbara.
Podemos, EAJ, PDeCAT, ERC eta Bilduren iritziz, testua motz gelditu da, mozioak ez duelako jaso Espainiako erregearen bortxaezintasuna indargabetzea. Hala, EAJk Konstituzioaren 56.3 artikulua moldatzearen aldeko emendakina aurkeztu du, baina Ciudadanosek ez du onartu.
PPk Ciudadanosen proposamena babestea erabaki du, hasiera batean abstentzioaren alde agertu den arren. Hala ere, popularrek ez dute Konstituzioaren erreforma azkar egiteko presarik. Txosten juridikoak bildu nahi dituzte lehenik, eta Kongresuan gaia aztertzeko batzorde bat eratu.
PSOEk ere mozioaren alde bozkatu du, jakitun Espainiako Gobernuak Konstituzioa prozedura azkarrez moldatzeko proposamena aurkeztuko duelako aste honetako Ministro Kontseiluan. Gobernuak hautetsien foruak murriztu nahi ditu, diputatu, senatari eta ministroek ohiko bide judizialak erabili behar izan ditzaten, beren karguaren jardunarekin zerikusirik ez duten auzietan.