Petronorreko findegiaren katalizatzaile baten haizegailua garbitzen ari zirela, hauts isuria izan da bart Muskizen (Bizkaia). Ondorioz, San Julian auzoa hautsak estali du.
Isuriagatik barkamena eskatu du ohar bidez Petronorrek. Ordea, ukatu egin du isuria kaltegarria denik. Hauts partikulak "erabat inerteak" direla esan du, eta kalte estetikoa soilik eragiten duela gaineratu du. Hautsa kentzeko garbiketa lanak hasi dituela ere adierazi du.
Hain zuzen, Greenpeacek herenegun zabaldu zuen ingurumenaren egoerari buruz egin duen azterlan sakona. Gai ugari hartu ditu kontuan, positiboak eta negatiboak. Negatiboen artean nabarmendu du Petronor "hondamendi bat" dela ingurumenarentzat eta euskal kostaldearentzat, eta "arriskuan ipintzen" duela pertsonen osasuna.