Iragarri bezala, EAk Arabako zerga politikaren aurkako emendakina sartu du gaur Batzar Nagusietan eta, espero bezala, EAJk eta biek osatutako gobernua hautsi egin da; eguerdian, hain zuzen. Izan ere, Xabier Agirre (EAJ) ahaldun nagusiak kargutik kendu ditu Mikel Mintegi (Ingurumena) eta Lorena Lopez de Lacalle (Kultura, Euskara eta Kirola) diputatuak. 2007ko foru hauteskundeez geroztik osatu dute gobernua bi alderdiek.
Agirrek "bihotzez" eskertu die Mintegiri eta Lopez de Lacalleri hiru urtez "leial" egindako lana, eta haiek gobernutik bidaltzeak "tristetu" egin duela agertu du. Akordioaren haustura EAk ezker abertzalearekin duen "norabide berriari" egotzi dio, "desorosoa" delako EArentzat EAJrekin elkarlana izatea.
Agirrek aurreko egunetan garbi esana zuen ez duela EAren proposamena onartuko eta ez duela fiskalitatea aldatuko. EAk ohartarazia zion hori ez badu egiten, ez duela 2011ko aurrekontuen alde bozkatuko.
2011rako fiskalitatearen proiektuari bederatzi zuzenketa aurkeztu dizkio EAk; Lauren Uria eta Patxi Martinez de Albeniz batzarkideek egin dute sarrera, gaur goizean. Uriak adierazi duenez, egungo zerga sistemak errentarik handiena dutenei eta enpresen etekinei egiten die mesede, eta haientzat zerga handiagoak jartzea proposatu du EAk. "Gehiago duenak, gehiago jarri behar du, gizartea kohesionatzeko helburuarekin".
Ahaldun nagusiak 2011rako foru aurrekontuak hilaren erdialdera aurkeztu zituen, eta horiek ez dute kontuan hartzen EAk eskatutako zerga erreforma. Datorren urteko aurrekontuak aurrera ateratzeko akordioa EAJ eta PSE-EEren artekoa izango dela dirudi.
Agirreren ustez, zerga aldaketak "Euskal Autonomia Erkidegoko zerga politikaren harmonizazioa haustea" eragingo luke, eta esan zuen EA gobernua uzteko "aitzakia bila" zebilela.
poliTIKA
Hautsi da Arabako gobernua
Xabier Agirre ahaldun nagusiak eguerdian kargutik kendu ditu EAko bi diputatuak, alderdi honek goizean herrialdeko zerga politikaren aurkako emendakina aurkeztu ostean. EAJk eta biek osatu dute gobernua 2007tik. "Gehiago duenak, gehiago jarri behar du, gizartea kohesionatzeko helburuarekin", esan du Lauren Uria EAko batzarkideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu