Urtebeteren ondoren, berriro errepikatzen ari da istorioa: bihar goizeko 10:30etarako eraikina utzi behar dutela jakinarazi dute gaur Ttattola gaztetxeko kideek.
Hemezortzi urteko ibilbidearen ondoren, 2020ko urtarrilean gaztetxeko kideek iragarri zuten Ttattola gaztetxea itxi egingo zela, «indarrez» bota zituztelako eraikinetik. Duela egun batzuk, ordea, — abuztuaren 21ean, zehazki— gaztetxeko kideek jakinarazi zuten beste eraikin bat okupatu zutela: «Hazparneko gazteok, urte bat eta erdi gaztetxerik gabe pasatu eta, etxe bat okupatzea deliberatu dugu». Sareetan zabaldutako mezu baten bidez eman dute kaleratze aginduaren berri, eta dei egin dute arratsaldean eta bihar goizean antolatuko duten elkarretaratzean babes ematera.
Beste eraikina hartu zutenean Ttattolako kideek BERRIAri azaldu ziotenez, urte eta erdi horretan batzarrak egiten aritu ziren, eta, azkenean, herriko kale nagusiko eraikin batean sartzea erabaki zuten. «Ekintza kulturalak egiteko, herria dinamizatzeko eta jendea elkartzeko gune bat izatea nahi dugu. Hau da, gaztetxe rol bat betetzea», esan zuten. Okupatu zuten eraikinak hamar urte zeramatzan hutsik: «Pisuak alokatzen dituen enpresa batena da, eta jabeak atzerrian bizi dira. Azken hamar urteotan ez du inork baliatu eraikina».