Urriak 17
Mc Luhan gogoan
Marshall Mc Luhanekin akordatu eta haren esaldirik famatuenari hautsa kendu beste erremediorik ez dugu izan Arnaldo Otegiri John Carlinek egindako idatzizko elkarrizketari El Pais-ek zer tratamendu eman dion ikusita: hedabidea da mezua. Gutxitan izan du Mc Luhanen esanak hain zentzu betea.
Otegiren aukera izan da elkarrizketa El Pais-erako ematea, Espainiako iritzi publikoarentzat ez ezik nazioarteko eragile askorentzat erreferentzia den egunkariari hain zuzen, eta bere aukera izan da nazioartean itzala duen kazetari bati ematea, Playing the Enemy liburuarekin-eta bere liburuan oinarritutako Invictus filmarekin- sona handia hartu duen idazleari, John Carlini.
Eta El Pais-en aukera izan da Otegiri hitza ematea; hitza, hain zuzen ere, igandean ematea, egunkariak irakurle gehien dituen egunean; elkarrizketari lau orrialde eskaintzea; eta azalean eguneko albiste nagusi bihurtzea, izenburu esanguratsuarekin: «ETAk bihar atentatua egingo balu, ezker abertzalea kontra agertuko litzateke». Gainera, biharamunean, Jose Luis Rodriguez Zapaterok Otegiri emandako erantzuna bihurtu zuen eguneko albiste nagusi, esandakotik mezurik positiboena aukeratuz, gainera: ez zuen izenburura eraman, beste askok egin zuten moduan, Zapaterok hitzetatik ekintzetara pasatzeko eskatu diola Otegiri, baizik eta hobea dela orain esan duena, lehen esaten zuena baino.
Jakina: elkarrizketa honekin, Espainiako iritzi publikoak eta nazioartekoak bere argudioak irakur ditzala nahi izan du Otegik. Baina, nabarmena baita ere, Espainiako iritzi publikoak eta nazioartekoak Otegiren ahotsa entzun dezala nahi izan dute Espainiako Gobernuak eta PSOEk, orain arte guztiz kontrako ahaleginean aritu baitira. El Pais-ek aurreko prozesuan erakutsi zuen Zapateroren gobernuaren interesen aurka ere jokatzen badakiela, baina Otegiren elkarrizketari gobernuko presidenteak berak hain azkar erantzun izanak, eta handik egun gutxira balorazio on hori berretsi izanak, oraingoan gobernuarekin sintonian aritu dela esan nahi du. Keinuen garaia hasi bide da.
Hedabidea da mezua, bai, baina mezua bera ere hor da. Zutik Euskal Herria agiria, Gernikako Adierazpena edota Rufi Etxeberriaren elkarrizketak irakurri dituenarentzat ustekaberik ez da elkarrizketaren edukietan, baina baieztapen askoren tonuak eta baieztapen horiek Otegik berak dagoen lekutik egiteak badu esanahirik. Lider gisa ageri da presoa, eta liderrari dagokion autoritatez mintzo da, esate batera, ETAko zuzendaritzan zer aldatu den galdetzen dionean Carlin kazetariak:«Funtsean, ezker abertzaleko oinarrien mandatua dagoela, anbiguotasunik onartzen ez duena, eta onartu egin behar dena».
Urriak 20
Esplikatzaileak
Lehen irakurketan, behintzat, Perez Rubalcabak hartu duen pisua hartzeak ez du albiste ona ematen Espainiako Gobernuak euskal auziari begira jokabidea aldatzea nahi lukeenarentzat. Baina horrek berak, eta Ramon Jauregiri gobernu berrian lekua egiteak, jokaleku berrira egokitzeko asmoaren seinale izan daiteke. Irtenbide polizial hutsaren mezuari eutsi eta bide horretan politikarik gogorrena gidatzeko gai dela erakutsi du Rubalcabak, baina komunikaziorako dohainak ezin ukatuko dizkiogu, kontrakoa argudiatzeko gaitasuna ere badu, horretara jarri behar badu. Bai Rubalcaba eta bai Jauregi azalpenak ematen iaioak direla azpimarratu du gobernu presidenteak. Zer azalpen klase emateko nahi dituen, horra gakoa.
Urriak 22
PP lasaitzeko
Rodriguez Zapaterok Otegiren hitzei buruz irakurketa baikorra egiteak susmorik txarrenak piztu ditu, nonbait, PPn. Eta espantuka hasi dira Mariano Raxoiren alderdiko buruzagiak, Espainiako Gobernuaren eta PSOEren edozein mugimendu garesti ordainarazten saiatuko direla argi utziz.
Baina Espainiako Gobernuak eta PSOEk badu espantu eta presio horiei nola erantzun. ETAk atentaturik ez egiteko erabakiaren berri eman ondoren gobernuaren jarrerei eta urratsei lupaz begiratzen zaionez geroztik, hirugarren operazioa da: Ekin aurrena, Askapena gero eta Segi orain. Hutsik egin gabe, beti argudio bera eman dute sarekada osteko adierazpenetan: estatuak estrategia ez duela aldatu erakusten dute atxiloketa horiek.
Zigor Kodean jasotako deliturik modu indibidualizatuan inori leporatu gabe, batzuk kartzelan eta beste batzuk atxilotuta dauzkate, Espainiako Gobernuaren epe laburreko interes politikoak direla eta. Helburu politikoen izenean indarkeria erabiltzen ari dira, helburuek bitartekoak justifikatzen dituztela irizpide hartuta. Baina, oraingoz, probokazioei ondo eusten asmatu du eraso horien guztien jopuntuan dagoen mugimenduak, bere osoan.
Hedabidea mezu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu