Analisia

Hedabideak larri, eta laguntza gutxiago?

Joanmari Larrarte.
2011ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Askotan kexatu izan gara laguntzen ebazpena oso berandu ezagutzen dugulako, eta aurten ere mezu berarekin gatoz; izan ere, 2011ko diru laguntzen ebazpena oraindik ez baita publikoa, eta hedabideek ez baitakite zenbateko laguntza jasoko duten bukatzen ari den urte honi aurre egiteko. Hori larria da; izan ere, urtea bukatzear dela jakinez gero zenbateko laguntza hartuko den, horrek aukera gutxi uzten du edozein mugimendu egiteko, batez ere uste baino diru gutxiago jasotzen baldin bada. Baina, horrez gain, ebazpenaren berri ez badute ematen hurrengo egunetan, oso litekeena da ordainketa ez egitea aurtengo urtean; horrek erabat zailtzen du gure enpresen funtzionamendua bera, eta soldatak ordaintzeko ere kinka larrian egon gaitezke, mailegurik eskuratu ezean —eta hori ere ez da samurra, kutxek eta bankuek duten jarrerarekin—.

2011ko diru laguntzak ez dira iritsi, baina ezagutzen hasi gara 2012ko aurrekontuak, eta horietan oinarrituko dugu diru laguntzen gaineko balorazioa.

Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako aurrekontuak onartzen badira, erakunde horrek aurten baino 400.000 euro gutxiago jarriko ditu 2012an hedabideen diru laguntzetarako. Urteetan, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu orokorrak goraka joan direnean, euskalgintzara eta euskarazko hedabideetarako diru sailak ez dira handitu; orain, aurrekontuetan estutasunak sortu direnean, ez dago gupidarik: lehendik estu dabilen sektore bati are kalte handiagoa egiteko aukera zabalduko da.

Euskarazko hedabideen sektoreak behin baino gehiagotan azaldu du sektorearen garrantzia —Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak ere aitortua duena—, eta argi azpimarratu izan du egiten duen ekarpena: euskararen normalizazioan duen eragina; informazio eskubidea bermatzeko orduan egiten duen ekarpena, euskaldunak euskaraz informatzeko eskubidea duen aldetik; Euskal Herriaren ekonomiari egiten dion ekarpena, lanpostuak sortuz eta zerga bidez ogasunak hornituz. Baina hori guztia kontuan hartuta ere, euskarazko hedabideek ez dute lehentasunezko traturik jaso gaur arte, eta aurrera begira ere ikusteko dago zer leku aitortuko zaien gure komunikazio sistemaren barruan. Hedabideak egoera larrian daude, ez bakarrik krisi ekonomikoaren eraginez, baita publizitatearen kontratazioak jaitsi direlako eta baita informazioaren jarraipen ohiturak aldatzen ari direlako ere: gaur egun, sarearen bidez informatzen dira herritarren gehienak, eta, prentsaren kasuan, erosteko ohitura nabarmen ahuldu da. Azken batean, gizartean ohiturak aldatzen ari dira, eta sektore honek denbora eta baliabideak behar ditu, inbertsio berriak egin eta molde berrietara egokitzeko. Baina nola lortu hori, laguntzak jaisten badira? Denok berdinak omen gara, baina banku eta kutxetako krisiei aurre egiteko dirua jartzen da, eta hainbat sektore estrategikoren krisiari aurre egiteko laguntzak sortzen dira; euskarazko hedabideen krisiari aurre egiteko, ordea, ez dago inbertsiorik, eta aurretik dauden laguntzak ere kolokan daude, jaitsierak aplikatzen baitira.

Beste erakundeen artean, jokabide desberdinak ari gara ikusten. Nafarroako Gobernuak aurten bertan jakinarazi du diru gutxiago emango diela hedabideei. Gipuzkoako Foru Aldundiak 2011ko diru sailari eustea aurreikusi du —aurreko bi urteetan asko jaitsi da diru sail hori, eta ez du handituko—. Bizkaiko Foru Aldundiak bakarrik aurreikusi du 2012rako bere aurrekontuetan diru saila handitzea —47.500 euro gehiago, %12ko igoera—.

Euskarazko hedabideen sektoreak ahalegin handia egin du honaino iristeko. Dudarik gabe, aldatzea, berritzea eta indarrak biltzea ekarriko duten ekimenak sustatu beharko ditu, etorkizunerako sektore indartsu eta eusteko modukoa lortzeko. Sektoreak indarrak bildu behar ditu, proiektu partekatu eta sendoak bideratu, eta lan hori instituzioekin elkarlanean egin beharko luke, laguntza ezinbestekoa baitu. Baina gaur egungo erakunde publikoen dinamikak ez du asko laguntzen bide horretan.

Behar gorria duen sektore honi diru laguntzak ez handitzea ez da bidea, eta diru laguntzak murrizteko bidea hartzea, are gutxiago. Dei ozena egin behar dugu BERRIA Taldekook, benetan serio har daitezen euskara eta euskarazko hedabideak, eta baliabideak bidera daitezen behar den neurrian, onar dadin hedabideen sektorea lehentasunezko sektore gisa, eta erakunde publikoek joka dezatela horiek guztiak aintzat hartuta. Ezin da onartu, inolaz ere, dirua izan den sasoian behar besteko inbertsiorik izan ez dutenek are gutxiago jasotzea dirurik ez denean.

Eta, ondorioz, eskatu behar dugu: batetik, 2011ko diru laguntzen ebazpena lehenbailehen jakinarazi eta banatzeko, eta, bestetik, 2012ko aurrekontuak egokitzeko, baliabide gutxiago izan arren, euskarazko hedabideei dagokien lehentasuna emanez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.